2020an ekin zioten hiru egileek egitasmoari eta, hasieran hilabete batzuetako lana izango zela aurreikusi bazuten ere, proiektua handitzen joan zen eta iazko maiatzean kaleratu zuten Iraganaren lekuko. Euskal Herriaren historia liburua. Aurkeztu dute zenbait aldiz geroztik (Gasteizen, besteak beste) eta Lasarte-Oriako Antonio Mercero aretoan izan zen Lopez de Luzuriaga atzo, ondutako idazkiaren nondik norakoak azaltzeko.
Ezaugarri horiek dituzten ikerlan "gutxi" daudela jakinarazi zuen eta 2004. urtean argitaratu zutela azkena. "Hori kontuan izanda, guk kaleratu duguna Euskal Herriaren historiaren bertsio eguneratua dela esan dezakegu". Berreraikitzeko lan horretan makina bat iturri erabili dituzte hiru egileek: "Euskarazkoek pisua izan dute eta beste hizkuntza batzuetakoak ere erabili ditugu, ez soilik gaztelaniazkoak".
Lanaren "ezaugarri nagusia" hauxe da: "Ez genituen Euskal Herriko zazpi lurraldeak geografikoki soilik batuta erakutsi nahi, subjektu historiko eta nazional gisa baizik. Hori izan zen abiapuntua". Atzoko aurkezpen ekitaldira bertaratu zirenek adi jarraitu zituzten Lopez de Luzuriagaren azalpenak eta galdera bat baino gehiago egin zioten.