Ttakun Kultur Elkartearekin lankidetza hitzarmena berritu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 30a

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Lasarte-Orian euskararen normalizaziora eta sustapenera bideratutako "aliantza estrategikoa" indartu dute bi aldeek. Hitzarmenak udalerriko eguneroko bizitzako esparru guztietan euskararen erabilera sustatzea ahalbidetuko duten zazpi programa babesten ditu

Lasarte-Oriako udalak 220.000 euroko ekarpena egingo dio herriko kultur elkarteari, eta askotariko adin tarte eta erabilera eremutan eragiten duten zazpi programa lagunduko ditu horren bitartez. Hori horrela, euskara herritarren eguneroko bizitzan txertatzea helburu duten ekimenen sarea sendotuko dute. Berritasun nagusi gisa, XI. Euskararen Maratoiaren antolakuntza gehitu zaio akordioari. Urrian aurrera eramango da egitasmo hori. Hala jakinarazi dute Agustin Valdivia Calvo alkateak, Euskara zinegotzi eta bigarren alkateorde Estitxu Alkorta Barraganek, eta Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabal Ansak. Lasarte-Oriaren euskalduntzean aurrera egiteko ardatz gisa "lankidetza publiko sozialaren garrantzia" azpimarratu dute horiek guztiek. 

Alkateak nabarmendu du tokiko elkarteekin lankidetzan aritzea "ezinbestekoa" dela euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Alkortak, berriz, azpimarratu du diruz lagunduko dituzten programak "benetako erabilera espazioak" direla eta horiek, bereziki gazteen eta familien artean sortzen duten "gaitasuna".  Ttakuneko ordezkari Mari Karmen Ormazabalek ere hartu du hitza; "udalerriko esparru guztietan euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzen jarraitzearen garrantzia" mahaigaineratu du. 

Babestutako egitasmoak

Arestian esan bezala, akordioak sei programa egonkor diruz lagunduko. 

  • Gazte eta Amaraun kluba: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago, eta euskarazko aisialdi jarduerak eskaintzen ditu, txikitatik euskara gehiago erabiltzeko.
  • Kuadrillategi: 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendua, euskararen erabilera testuinguru informaletan sustatzen du, kuadrillako jardueren bidez.
  • Gurasoleku: Seme-alabak dituzten familientzako programa da. Etxean euskararen transmisioa bultzatzen du eta gurasoen arteko ahozko jarduna sustatu.
  • Solaskide solasbide: Hizkuntzaren jariotasuna eta hizkuntza ohiturak indartuta, pertsona helduen artean euskaraz hitz egitea errazten duen ekimena da. 
  • Euskara eta kultura eskutik: Euskarazko kultur programazio egonkorra sustatzen du, euskarazko eskaintza zabalduta.
  • Txintxarri aldizkaria: Asteroko paperezko edizioaren eta eguneroko bertsio digitalaren bidez, udalerriko gaurkotasuna euskaraz jasotzeko aukera bermatzen duen tokiko komunikabidea.

Programa horien guztien bidez, udalak eta Ttakunek aurrera jarraitzen dute "esku hartze integraleko ereduan". Eredu horren helburua da euskararen ezagutza eta, bereziki, erabilera eraginkorra handitzea eguneroko bizitzan, gizarte esparru guztietan erabiltzeko espazio eta aukera berriak sortuz.