Urtetik urtera Iñigo de Loiola kaleko Udaberri Festa herrian errotzea eta edizio berriak antolatzea seinale ona da, batetik, bizilagun elkarteko boluntarioek udalerriari bizitza ematen jarraitzeko gogoa eta kemena dituztelako, eta, bestetik, parte hartzaileek "gero eta harrera hobea" egiten diotelako jarduerari. Ildo horretatik, antolatzaileek bi egunetako ospakizuna prestatu dute: maiatzaren 8ko egitaraua haurrei zuzendutako ekimenekin prestatu dute eta 9a izango da egun nagusia; ez dira faltako pintxo-potea, paella jana, osteko bingoa eta DJ Karpinen musika emanaldia.
Hori guztia aurrera eramateko udalaren "funtsezko" laguntza jaso dute ILBEko boluntarioek. Ekonomikoa (4.884,06 euro), batetik, eta logistikoa, bestetik: materiala gordetzeko lokala, eguzkitik nahiz euritik babesteko karpak, eta abar. Jaiak departamentuko zinegotzi Txus Alonsok eskerrak eman dizkie alboan zituen kideei ospakizuna antolatzeagatik eta era horretara udalerria bizirik mantentzeko ekarpena egiteagatik. "Festa gunea ez da Okendo plaza bakarrik, gainerako kale eta auzoetan ere giro ederra sortu daitekeela erakusten diguzue urtero".
Festa aurrera eramateko "berebizikoak" dira baita ere Iñigo de Loiola inguruko tokiko komertzioak. "Izugarri eskertzen diegu eman diguten laguntza eta programa iragartzeko kartelean txertatu ditugu guztiak, portalez portal itsasten ditugunean herritar guztiek ikus dezaten zer-nolako garrantzia duten".
Iñigo de Loiolako bazterretan sortuko duten giro apartaz gain, parte hartzen dutenen inplikazioa goretsi dute ILBEko lagunek. "Festaz gozatzea bezain garrantzitsua da kaleak-eta garbi uztea gero eta horretan asko laguntzen digute bizilagunek". Paella janaren osteko adibidea jarri dute: "Mikrofonoa hartu eta aulkiak zein mahaiak denon artean jaso behar ditugula esatean, berehala hasten dira denak lanean". Bi aste barruko Udaberri Festan ere auzolana loratzea espero dute antolatzaileek eta udal ordezkariek.
Egitaraua
Udaberri Festako ekimenak Iñigo de Loiolako plazatxoan aurrera eramango dituzte.
Maiatzak 8, ostirala
- 18:00etan, txokolate jana.
- 18:00etatik aurrera, haurrentzako jolasak.
- 19:00etan, buruhandiak.
- 19:30ean, haurrentzako entzierroa.
Maiatzak 9, larunbata
- 10:00etan, diana, Ankoker taldeko kideen eskutik.
- 10:00etatik 12:00etara, haurrentzako nahiz helduentzako bizkotxo lehiaketan parte hartzeko epea. Sariak ordubete geroago emango dituzte.
- 11:00etan, pintxo-potea, izakinak amaitu arte.
- 11:00etan, edari bereziak eskatzeko aukera, Yon Pavon Cocktail Events-en eskutik.
- 11:00etatik 13:00etara, haurrentzako jolasak. Babesleek emandako sariak banatuko dituzte.
- 11:30etik 14:00etara, Kilkerband txarangakoen kalejira.
- 11:30etik 13:00etara, erraldoiak eta buruhandiak.
- 14:30ean, paella jan herrikoia. Iñaki tabernan jarriko dituzte txartelak salgai laster, 10 eurotan (paella platerkada, edaria eta postrea).
- 16:30ean, bingoa.
- 18:00etan, DJ Karpinen emanaldia, festa amaierara arte.