Eguraldi txarrak nahi baino lehenago jarri zituen dantzan antolatzaileak eta emanaldia Okendo plazatik kultur etxeko auditoriora eramatea erabaki zuten. Azken orduko aldaketak eragindako urduritasuna gaindituta, eraikin horretako obrek eragindako aforo murrizketa (goialdeko eserlekuak ezin izan zituzten erabili) ongi kudeatu zuten Kukukako kideek eta kanpoan zain zeuden ehunka herritarretako gehienek zuzenean jarraitu zuten emanaldia. Kanpoan geratu behar izan zutenentzat kontsolamendu gisa balio badu, aldizkari honek argazki, bideo eta testu bidez jaso du atzokoaren zati handi bat.
Aurreikusita ez zuten egoerak eragindakoagatik barkamena eskatu zuten Kukukako kide Hugo Amil eta Alazne Ormazabalek, eta, jarraian, Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira Crystal Pite koreografo kanadarrak prestatutako manifestua partekatu zuten ikus-entzuleekin, euskaraz zein gaztelaniaz. Artista horren aburuz, "uneoro sortzen eta suntsitzen den" adierazbidea da dantza, "maitasuna bezala, arrazoitik harago doana". Norabide horretan, azpimarratu du dantza garela gizaki guztiok, gorputzarekin idazten dugula "hitzik gabeko hizkuntza bat". Mundua zer-nola dagoen jakitun, arte modalitate hori erantzun "erraza eta alferrikakoa" izan daitekeela dio, baina, era berean, "erresistentzia eta itxaropena metatzeko" sormen mota dela iruditzen zaio: "Dantzan, eta hura sortzeko ekintzan, gizateria bere azken porrot kolektiboa baino zerbait gehiago denaren froga aurkitzen dugu; adi bagaude, arimaren distira eskain diezaguke noizean behin".
Topaketan parte hartu zutenek erakutsiko zuten aurrekari gisa egindako sarrera bukatuta, artistek hartu zuten oholtza eta banan-banan erakutsi zituzten emanaldirako prestatutako koreografiak, ikus-entzuleen animo eta txalo artean. Amaitzeko, herriko Plaza Dantza taldeak proposatuta, hala nahi izan zuten dantzariak (eta publikoko kideek) taula gainera igo eta muxikoak dantzatu zituzten. Ordurako, denek ahaztuta zituzten ordubete lehenago presak eta kezkak. Izan ere, eta Pitek azpimarratu duen bezala, "edertasunaren arrasto iheskor horiek hunkitzen gaituzte oraingo unean".