Azken egunetan hainbat istilu egon dira herrian poliziaren presentzia itogarriaren ondorioz, eta, nola ez, ñabardura arrazistak ere tarteko. Ostiral eta larunbat gauean polizia behin baino gehiagotan oldartu zaizkie hainbat gazteri eta tartean hainbat gazte migranteri. Horren aurrean zenbait adierazpen egin nahiko genituzke.
Azken bi egunetan, Ertzaintza Hipodromo etorbidera eta Geltoki kalera bertaratu da, eta bertan aisialdi giroan zeuden hainbat gazte jazarri, miatu eta mehatxatu ditu. Giro baketsu eta lagunkoian zebiltzan gazteen aurrean ertzainek jarrera oldarkorra izan dute une oro, eta harrokeriaz jardun dute. Hori gutxi balitz bezala, zenbait gazte migrante gelditu eta jazarri dituzte. Besteak beste, miaketa sakonak eta galdeketa luzeak egin dizkiete, eta baita iruzkin arrazistak egin ere: hala nola, patriketan zituzten giltzak aterarazi eta horietako bakoitza zertarako erabiltzen zuten galdetu zieten larunbat gauean, horrek dakarren erridikulizazio guztiarekin. Kriseiluko kide bat honen guztiaren lekuko izan eta poliziaren jardunaz galdezka eta azalpen eske gerturatu zenean, ertzainak oldartu egin zitzaizkion eta mespretxuz alde egitera behartu zuten, jarrera mehatxariz.
Horrelako gertakariak gero eta ugariagoak ari dira izaten gure herrian, eta ez da kasualitatea. Udalak eta poliziak Madrasa eraikinaren balizko hustean hartu duten jarrera estuki dago lotuta gertakariokin. Hortaz, gure gaitzespen osoa adierazi nahi dugu azken egunotako gertakarien harira, eta, nola ez, Madrasa eraikinean dauden gazteak pairatzen ari diren jazarpen eta egoera bidegabearen harira. Era berean, gure elkartasuna helarazi nahiko genieke poliziaren jazarpen etengabea sufritzen ari direnei, eta garbi utzi herrian ez dugula inolako jarrera edo eraso arrazistarik onartuko, eta horren aurrean irmotasunez jarraituko dugula lanean.
Jazarpen polizialak eten!
Arrazakeria errotik suntsitu!