Amateur mailako taldeak izan ziren lehenak tapizera ateratzen Ibarrako kiroldegian. Egun osoko jardunaldian maila ezberdinetako talde eta banakakoak bildu ziren eta
LOKEko Kadete B taldeak pilotarekin eta Jubenil A zein B ordezkariek borrekin egin zuten lan. Urduritasunak eragin izan zuen jardunean, tresnaren bat lurrera erori zen eta horrek puntuazioan izan zuen isla. Honakoak izan ziren emaitzak:
- Kadete B - 14º
- Jubenila A - 7º
- Jubenil B - 8º
Postu horiei esker, hiru taldeek Euskadiko txapelketan parte hartuko dute; jubenilek maiatzaren 23an eta kadeteek, aldiz, maiatzaren 30ean, biak Durangon (Bizkaia).
Emaitzak alde batera utzita, LOKEko arduradunak pozik daude gimnastek egindako lanarekin: "Gure gimnastek oso ondo defendatu dute denboraldian zehar egindako lan guztia, nahiz eta urduritasunak pixka bat eragin eta ezin izan duten % 100ean erakutsi".
Ez dira hauek finala jokatuko duten talde edo bakarkako bakarrak izango, maiatzaren 9an, eskolarteko Gipuzkoako finala lehiatuko da, Bergaran. Infantil mailan, LOKE A taldea eta hiru bakarkako (Aiala Jimenez, Oihane Portuburu eta Laia Suberbiola) izango ditu lehian.
Benjaminak ere bikain
Taldeko txikienek ere euren dantzak erakusteko aukera izan zuten hilaren 26an, Irunen.
Benjamin mailako denboraldiko azken topaketan, Landaberri, Sasoeta 1 eta 2 taldeek ederki aritu ziren tapizean.
Maila honetako gimnasten lanez gozatzeko hurrengo aukera ekainaren 13an izango da; LOKEk Maialen Chourraut kiroldegian egingo duen denboraldi amaierako erakustaldian.
Udako ikastaroa
Eta denboraldi amaieraz ari garenez, gimnastika erritmiko taldeak uztailaren 6tik 22ra udako ikastaroa antolatu duela jakinarazi du.
Astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 12:00etara lan saioak egingo dira, Michelin kirol guneko pilotalekuan.
Ikastaroaren gaineko informazioa eskuratu edo izena emateko 676 87 20 29 WhatsApp zenbakira idatzi behar da.