Alkortak azpimarratu du neurri hori Udalak hizkuntza normalizaziorako duen estrategiaren barruan sartzen dela, euskara "eguneroko esparru praktikoetan ere egon dadin errazteko". Hala, gaineratu du azterketa teorikoa euskaraz ikasi eta egiteak espazio berrietan hizkuntzaren erabilera indartzen laguntzen duela.
Hori horrela, Lasarte-Orian erroldatuta dauden eta gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin eta gainditzen dutenei 500 eurora arteko beka ematea aurreikusten du ekimenak. Horrek esan nahi du, udalak azterketa teorikoaren matrikularen kostua ordainduko duela, prestakuntza prozesu horretan hizkuntzaren erabilera bultzatuz.
Autoeskolek, berriz, "positiboki" baloratu dute egitasmoa. Formazioa hizkuntza bat baino gehiagotan eskaintzeak suposatzen duen ahalegina azpimarratu dute, baita ikasleentzat euskarazko baliabideak izatearen garrantzia ere. Era berean, esan dute gisa horretako ekimenek hezkuntza eta lanbide esparruan hizkuntzaren erabilera normalizatzen laguntzen dutela.
Hori horrela. herriko autoeskolen konpromisoa ere aitortu diete udal ordezkariek, hain zuzen ere azterketa teorikoa euskaraz prestatzeko aukera eskaintzen baitute dagoeneko, eta herritarrak, batez ere gazteak, aukera hori baliatzera animatu dituzte. Horri dagokionez, Alkortak euskarazko materialari dagokion ohartarazpena egin du. Kontatu du gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz prestatzeko materiala "eguneratua eta oso txukuna" dela, eta gaur egun hizkuntza maila ez dela ikas prozesua euskaraz egiteko oztopo izango. Euskarazko eskaintza horren guztiaren gaineko informazioa https://gidabaimenakeuskaraz.eus/ web atarian kontsulta dezakete interesdunek.
Ekimena euskara sustatzeko dirulaguntzen udal programaren barrukoa da, eta Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak elkarrekin bultzatutako proiektuekin bat egiten du. Bide prestakuntzan euskararen presentzia areagotzera bideratuta dago.
Datozen egunetan, udalak formulario bat jarriko du bere web atarian Lasarte-Orian erroldatuta dauden pertsonek dirulaguntza eskatu ahal izan dezaten. Eskaera hori egiteko, eskatzaileek prestakuntza zein autoeskolatan egin duten ez da kontuan hartuko.