Atletek bost domina gehiago, Eskolarteko Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 28a

Ezkerrean, 150 m. lasterketako podiuma; eskuinean, jauzi hirukoitzekoa. Arg.: I. Romero.

Lasarte-Oriako atletek hitzordu ezberdinak lehiatu dituzten hilaren 25ean eta 26an. Gaztetxoenek Eskolarteko Gipuzkoak txapelketako jardunaldi berriari egin zioten aurre; Espainiako Kluben arteko Ligan izan ziren Nerea Eugi (Atletico San Sebastian) eta Naroa Furundarena (Valentzia CA)

Herriko atleta gazteek Eskolarteko Gipuzkoako txapelketa bigarren jardunaldia lehiatu zuten, hilaren 26an, Tolosan eta bost domina jantzi zituzten: bina urrezko eta zilarrezko eta brontzezko bat.

Ostadar SKT ordezkaritza zabalarekin joan zen lehiaketara, guztira, 25 infantil eta alebin izan ziren pistan borrokan. Real Sociedad taldeko Alaia Romerok ere parte hartu zuen.

Infantil mailako bi probetako podiumetan (150 m lasterketa zein jauzi hirukoitza) izan ziren herriko kirolariak eta bietan bi atleta izan ziren maila ezberdinetan.

Lehenean Real Sociedad taldeko Alaia Romero garaile izan zen (19,06) eta bigarren postuan, Ostadar SKTko Amelie Flores sailkatu zen hirugarrenarekin berdindua (19,27).

Eta jauzi hirukoitzean, Floresek eta talde kide Nahia Garcia podiumeko bigarren eta hirugarren mailetara igo ziren.

Alebin mailan lortu zen urrezko bigarren domina, Pablo Romanek pisu jaurtiketan 9,95 metrotara bidali zuen bola eta proba irabazi zuen.

Bigarren jardunaldian parte hartu zuten Ostadar SKTko kirolarietako batzuk. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Euskadiko selekzioarekin

Herriko atleten jardunak garaikurrez gain, bestelako aitorpen bat ere izan du Euskadiko selekzioaren deialdia.

16 urtez azpiko Erkidegoen arteko Espainiako txapelketa jokatuko da Ourense (Galizia) maiatzaren 9an eta 10ean eta Ostadar SKTko Aitor Martin eta Nahia Garcia zein Real Sociedad taldeko Alaia Romero herritarrak taldean parte hartzeko gonbita jaso dute.

Martin pisu jaurtiketa proban lehiatuko litzateke, Garcia jauzi hirukoitzean eta Romero bi errelebotan: 4x100 m. eta 4x300 m.

Espainiako Liga

Horrez gain, Ohorezko Mailako zein I. mailako Espainiako kluben arteko Ligako lehen jardunaldia jokatu zen hilaren 25ean eta 26an eta bi herritar izan ziren lehian Ohorezko kategoriako multzo ezberdinetan.

Leonen (Gaztela eta Leon) Nerea Eugik bigarren postua eskuratu zuen Atletico San Sebastian taldearekin. Herritarrak bakarka 200 m. lasterketan lehiatu zen (25,42) eta 4x100 m. erreleboan parte hartu zuen; hirugarren izan ziren.

Bartzelonan (Katalunia), aldiz, Valentzia CA taldea nagusitu zen eta Naroa Furundarena herritarrak garaipenean bere harritzoa jarri zuen. Jauzi hirukoitzean garaile izan zen 12,73 metroko jauziarekin eta xabalina jaurtiketan (16,66, MMP) ere parte hartu zuen.