Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Lasarte-Orian elkartu da gaur; legegintzaldian gauzatzen ari diren saio ibiltarien barruan aurrera eramandako hitzordua izan da. Bertaratutakoen artean izan da Eider Mendoza diputatu nagusia, eta berak adierazi du Gipuzkoa plazako diputazioa, "Gipuzkoako plazetara" ateratzeko nahiarekin egiten ari direla aipatu saioak. Gaineratu du horien bitartez, "lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko eta horiekiko lankidetza estutzen jarraitzeko nahia" dutela. Hala, nabarmendu du "herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeko modua" ere badela.
Adierazpenok egin ditu gero: “Helburua lurraldeko eta udalerriko proiektuak eta estrategiak ezagutzea eta partekatzea da, baita herritarren kezkak eta ekarpenak biltzea ere". Hitz hori jarraiki gaineratu du “Gipuzkoa osora irekita” ari direla lanean, ahalik eta udalerri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin bilerak eginez: “Gaurkoa bezalako topaketek aukera ematen digute udalarekin lankidetzan aurrera egiteko, partekatzen ditugun proiektuetan sakontzeko". Bi horretan hartutako konpromisoaren berria emateko ere baliatu du agerraldia: “Ildo berean aurrera egiten jarraitzea, lankidetza estutuz, politika publikoetan berrikuntza sustatuz eta pertsonen ongizate integralean eragina duten proiektuak babestuz".
Agustin Valdivia alkateak, berriz, eskerrak eman dizkio Diputatuen Kontseiluari Lasarte-Oriara etor izanagatik. Honako adierazpenak egin ditu: “Bisita honek erakundeen arteko loturak indartzen ditu eta gure beharrak eta etorkizuneko proiektuak zuzenean helarazteko aukera ematen digu. Topaketa hau aprobetxatu dugu herrian bultzatzen ari garen erronka eta proiektu nagusiak partekatzeko. Lasarte-Oria oso herri dinamikoa eta potentzial handikoa da, eta Foru Aldundiaren babesa eta inplikazioa izatea funtsezkoa da ezarri ditugun erronka eta helburuetan aurrera egiten jarraitzeko”.
Herriko txokoak ezagutzeko tartea
Lasarte-Oriako zenbait leku ezagutu eta horietan aurrera eramaten duten jardunaren berri izateko ere baliatu du Mendoza diputatu nagusiak gaurko saioa. Ondoan izan ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko gabinete buru Iker Estensoro eta Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua eta baita Lasarte-Oriako EAJko kideak ere: Estitxu Alkorta, Goizalde Pildain eta Ainara Elicechea.
Bisitatutako lekuetako bat izan da Ttakunenea elkartea. Bertara heldu baino lehen, Ttakun Kultur Elkartearen eta Jalgi Kafe Antzokiaren kokalekua erakutsi dio aipatu eragile horretako ordezkari Haritz Salaberriak. Iñigo de Loiola kaleko espaziora joan dira gero denak elkarrekin eta bertan jaso dute Mendozak, Estensorok eta Urkolak Ttakunen berri.
Elkarte horretako kide Mari Karmen Ormazabalek, Andoni Anabitartek eta Mikel Izquierdok egin diete harrera. Espazioa erakutsi diete, bertako erabilera azaldu eta elkarteaz orokorrean hitz egiten hasi aurretik, mokadutxoa eskaini diete. Borobilean eseri, eta tarte hori baliatu du Mendozak galderak egin eta xehetasunak jasotzeko.
Ttakun Kultur Elkartea noiz eta zein testuingurutan sortu zen kontatu diote. Halaber, jakin ahal izan du elkarteak zein esparrutan lan egiten duen eta zein zeregin gauzatzen dituen.
Une batean elkartearen erronkak zeintzuk diren galdetu die, eta "hizkuntzaren egungo egoera" mahaigaineratu dute Ttakuneko ordezkariek, eta kezka hori partekatua dela adierazi die Mendozak.
Luze eta zabal solastatu dira.