Topaketa historikoak errepikatu egin behar baitira

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 26a

Emakume Elkartekideen II. Topaketa ospatu zuten, larunbatean zehar. Aurreko urteko antolatzaile Extremadura Etxekoen lekukoa hartuta, Semblante Andaluzek antolatu zuen jardunaldia. 

Horrelako ekitaldirik ez da egiten, inguru honetan. Aitzindaria da Lasarte-Oria. Aurreko urtekoa berezia izan zen, ahaztezina kasik; estrenaldia. Hain ondo pasa zuten herriko elkarte gastronomikoetako emakumezko bazkideek, berehala hartu zutela Semblante Andaluzekoek Emakume Elkartekideen II. Topaketa prestatzeko eginkizuna. Aurreko urtearen antzera, primeran pasa zuten, hilaren 25ean antolatolatutako jardunaldi alaiean. Herriko elkarte gastronomiko guztietako emakumeek hartu zuten parte. Eta iazko legez, festarekin amaitu aurretik, Palomo Linares elkartekoek jakinarazi zuten hurrengo zita eurek zuzenduko dutela. Dena den, aurreko urtean ez bezala, aurten zapi morea ipini zuten parte hartzaileek. "Socias bat eginda" irakur zitekeen oihalean. 

Elkarte berean hasi zen topaketa. Agurra dantzatu zuten elkarteetako hainbat emakumek. Lierni Arozena txistulariak jarri zien musika. Jarraian, Earra Bertso Eskolako Maddi Lasak eta Araitz Ramosek bertso bana bota zituzten. Ondoren, Extremadura Etxeko Pili Bermejok testu bat leitu zuen, hunkiturik. Ongietorria eman zien Bermejok herriko emakumezko bazkideei, eta malko artean adierazi zuen lehenengo topaketa "historikoa" izan zela, baina haren ustez, "historikoa" ekitaldi hura errepikatzea izan dela. Txalo zaparrada eskaini zieten topaketako parte hartzaileek. 

Kostata, txupinazoa bota, eta musikarekin dantzatzen eta disfrutatzen jarraitu zuten. Horretan, Arranopola txaranga izan zuten bidelagun. Irribarretsu, amaitu, eta berehala, ekin zioten poteatzeari. Txanpiñoiez eginiko mokadua, eta edaria, nahieran, lehenengo geltokian. Txarangak giroa alaitzen jarraitu zuen; alabaina, jatekoaz eta edatekoaz disfrutatzeko tartea ere egin zuten musikariek. 

Zumaburutik erdiguneruntz abiatu ziren, Arrieskalleta elkartera. Bi elkarteen arteko distantzia kantuan eta dantzan egin zuten, kalejiran eta errepide osoko bi karrillak harturik. Txupinazoa jaurti zuten, kostata, hemen ere bai. Okendo inguruan, entsaladilla errusiarrez eginiko pintxoa jan zuten emakumeek. Beste behin, Arranopolak pintxopotea doinuz josi zuen.

Kalejirarekin jarraiturik, Xirimirira abiatu ziren. Dagoeneko konturaturik txupina ondo egiteko segurtasunerako plastikoa kentzea beharrezkoa dela, hirugarrena erraz egin zuten. Espazio honetan, gildak izan zituzten menuan, eta aurreko geralekuetan ez bezala, txarangak elkarte barruan jo zuen, aulki eta mahaietan igota. Emakumeek biziki disfrutatu zuten kantuez eta artistek ere gogotik gozatu zuten. 

Erdigunea atzean utzita, Atsobakarrera joan ziren, Semblante Andaluzera. Txarangari agur esan aurretik, azken kantua jo zuten eta taldekideekin talde argazkia atera zuten, kalejirako elkarte guztietan egindakoaren antzera. 

Ekitaldiz eta barrez beteriko egitaraua

Bazkaldu aurretik, Bea Egizabalek monologoa egin zuen topaketaren harira. Gogora ekarri zituen kalejiran emandako zenbait une; esaterako, txaranga aurrean edo atzean kokatzearen anabas entretenigarria, baita udaltzaingoek karril bakarra hartzeko esanda ere, emakumeek errepidea osorik hartu izana ere. Nola ez, emakumezko elkartekideen kopurua handitu izana ere ospatu zuen, horien artean, emakumezkoak onartzen ez zituzten elkarteek iritziz aldatu izana ere bai. Emakumeek ederki pasa zuten. 

Hogeita hamar minutuko atzerapenarekin hasi ziren bazkaltzen. Jaki goxoak prestatu zituzten Semblante Andaluzeko sukaldariek: salmorejo andaluziarra, flamenkinak, andaluziar erara gisatutako haragia eta banilla izozkidun torrada. Edateko ardoa, sagardoa edota ura izango zituzten aukeran, baita bazkalosteko kafea edota infusioa ere.

Goizeko giro ederrari helduta, bingo musikatuan aritu ziren, arratsaldean.