Sarek berretsi du lanean jarraituko duela "konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen logikan"

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 24a

Hileko ohiturari jarraiki, Azken Ostirala ekimena aurrera eraman dute, "Ezin da gehiago luzatu" lelopean.

Dozenaka herritar mobilizatu dira euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen alde. Elizatze plazatik abiatuta, Okendo plazan amaitu da Lasarte-Oria Sarek antolatutako agerraldia. 

Arratsaldeko zortziretan bildu dira manifestariak, Elizatze enparantzan. Ordu laudenaren bueltan, ohiko ibilaldia egin dute eta Okendo plazara ailegatu dira hil honetako adierazpena partekatzearren.

Azken egunotan "egunerokotasun mediatikoa" izan duen gaiari heldu dio Lasarte-Oriako Sarek, apirileko hitzorduan. Adierazi dute "kezkaz eta arduraz" hartu dutela Iparragirreren eta Karasatorreren 100.2 artikuluaren aplikazioa ukoa. Hori ez ezik, gaineratu dute erabaki horrekin agerian geratu dela, "beste behin", argudiaketa juriditikotik baino, "mendeku logitikatik" abiatzen dela praktika juridikoa. Horren aurrean aitortu dute "konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen" bidean diharduko dutela, "mendeku politikoak gailentzen dituen esparru judizial, politikoa eta lobby mediatikoak" aurrean izanda ere. 

Egungo egoera ere errepasatu dute. Euskal Preso Politikoetako 100 presoko langa gainditzea lortu omen dute, eta esparru honetan, aurrerapausuak ematen jarraitzeko prestuta erakutsi dute. Izan ere, nahiz eta 97 horietatik 60 egunerokotasunean kalea zapaltzen ari diren, 37k oraindik erregimen itxian jarraitzen dute; beraien zigorraren azken urteak etxean kunplitzeko "baldintzak" bete arren. 

Iheslariekin gogoratuta, helarazi dute joan den astean hil zela Hilario Urbizu Olaztiko iheslaria, 45 urte Mexikon eman ondoren. "Babesa eta besarkadarik goxoena" bidali diete bere senideei eta lagunei.

Agerraldi jendetsua

Datozen hilabeteei begira, jakinarazi dute agerraldi jendetsua antolatuko dutela, ekainaren 6an, Arrasateko Monterron parkean. Euren arabera, aspaldian egin duten mobilizaziorik masiboena izango da. Hitzorduarekin bat egiteko gonbitea luzatu diete lasarteoriatarrei. 

Era berean, ekaina ailegatu bitartean, 27 batzar gauzatuko dituzte, Euskal Herriko hainbat txokoetan. "Etxerako bideak daraman norabidea" aintzat hartuta, haren inguruan hausnartzeko beta eskainiko dute bilerek. Informazio gehiago eskuratzeko, eskualdeetako deialdiei adi izateko esan dute.