Lasarte-Oria osatzen duten herritarren arteko sarea, komunitatea hedatzen eta zaintzen jarraitzeko asmoa du Lasarte-Oriako Bizipoza taldeak. Hori horrela, eta kulturartekotasuna ardatz hartuta, jarraipena emango diote iaz lehen aldiz egin zuten Milakultura egunari. Mila kultura ekimena egingo dute. Landaberri-Garaikoetxea eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako zein Oriarte institutuko ikasleek muralak sortuko dituzte. Kulturartekotasuna oinarri hartuta, leloak pentsatu, sortu, horiek idatzi eta atonduko dituzte. Horiek guztiak, gero, herriko komertzio eta kaleetan erakusgai jarriko dituztela jakinarazi dute Bizipoza taldeko lagunek. Sormen lan horretan, gainera, Porrotx pailazoaren konpainian ariko dira; kantu eta dantza egingo dute sudurgorriarekin.