Lasarte-Oriako atletek, hamazazpi domina proba ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 23a

Doina eskuratu duten atletetako batzuk. Arg.: Ostadar SKT/ G. Redondo/MC Olaso (artxibokoa)/I. Romero.

Lasarte-Oriako atletek hitzorduz betetako asteburua izan zuten hilaren 18an eta 19an. Proba konbinatuetako Euskadiko txapelketari zein maila ezberdinetako Gipuzkoako txapelketei egin zieten aurre kirolariek eta hainbat domina ekarri zituzten herrira

Eider Redondok, esate baterako, zilarrezko postua eskuratu zuen 18 urtez azpiko proba konbinatuetako Euskadiko txapelketan, Durangon (Bizkaia). Lehen aldia zein herritarrak aire librean heptatloian parte hartzen zuela eta ederki gainditu zuen erronka.

Bi egunetan zazpi probetan lehiatu zen: 100 m. hesi, altuera proba, pisu jaurtiketa, 200 m. lasterketa, luzera jauzi, xabalina jaurtiketa eta 800 m. lasterketa. Eta gehienetan lehen hiru postuetan amaitu zuen saioa; altueran, gainera, denboraldiko marka egin zuen (1,57 m.). 

Hilaren 18an, aldiz, 16, 18, 20, 23 zein master mailako Gipuzkoako txapelketa jokatu zen, Arrasaten.

Lasarte-Oriako ordezkaritza zabala izan zen maila eta proba ezberdinetan. Ostadar SKTk guztira hamalau ordezkari aurkeztu zituen lehiara. 16 urtez azpikoan Real Sociedadeko Aiala Romero herritarra izan zen hainbat probatan borrokan eta Master mailako MF55 kategorian, Mari Carmen Olaso.

Ederki jardun ziren atletak eta guztira kolore ezberdinetako hamalau domina jantzi zituzten: zortzi urrezko, lau zilarrezko eta bi brontzeko. Ikus koadroa.

Horrez gain, euren markak ere ondu zituzten Lasarte-Oriako kirolarietako batzuk. Hala nola, Ostadar SKTko Xuban Cormanek pisu jaurtiketan, 1,69 m. eta luzera jauzian, 4,80 m. edo Real Sociedad taldeko Alaia Romerok 300 m. lasterketan, 43,31.

Eskolartekoan ere, dominak

Eta 16 urtez azpiko atletetako batzuk, hilaren 19an, Eskolarteko Gipuzkoako txapelketako lehen jardunaldiari ere egin zioten aurre Irunen. 

Harrobia indartsu dagoela erakutsi zuten Lasarte-Oriako gaztetxoek. Infantil eta alebin mailako txapelketan Ostadar SKTko 30 bat kide izan ziren lehian, baita Real Sociedad taldeko Alaia Romero ere. Emaitza esanguratsuenak koadroan ikusgai.

Kategoria honetako hurrengo saioak hilaren 26an eta maiatzaren 3an lehiatuko dituzte gaztetxoek. Eta 10ean eta 31ean, infantil eta alebin mailako taldeen eta ikastetxeen txapelketak izango dira jokoan, hurrenez hurren. Maiatzaren 17an, berriz, proba konbinatuen txanda izango da eta Lasarte-Oriako Atsobakar kirol gunean batuko dira kirolari guztiak.

Eskuratutako dominen laburpena:

Proba konbinatuen Euskadiko txapelketa

18 urtez azpikoa

  • Eider Redondo (Ostadar SKT): Heptatlon - 2º
     
Gipuzkoako txapelketa

16 urtez azpikoa

  • Xuban Corman (Ostadar SKT):
    • Pisua - 1º
    • 300 m. hesiak - 2º
  • Alaia Romero (Real Sociedad):
    • 100 m. lasterketa - 1º
    • 300 m. lasterketa - 1º
  • Aitor Martin (Ostadar SKT): Pisua - 2º
  • Amelie Flores (Ostadar SKT): Luzera jauzia - 3º

18 urtez azpikoa

  • Iñigo Lertxundi (Ostadar SKT): 400 m. hesi - 3º

20 urtez azpikoa

  • Oinatz Almagro (Ostadar SKT): Luzera jauzia - 2º
  • Iraia Alkorta (Ostadar SKT): 200 m. lasterketa - 2º

Master Maila - MF55

  • Mari Carmen Olaso:
    • 100 m. lasterketa - 1º
    • 200 m. lasterketa - 1º
    • 400 m. lasterketa - 1º
    • 800 m. lasterketa - 1º
    • 1.500 m. lasterketa - 1º

Eskolarteko txapelketa - 1. jardunaldia

  • Amelie Flores (Ostadar SKT): Infantil maila - 80 m. hesi - 1º
  • Pablo Roman (Ostadar SKT): Alebin maila - Pilota jaurtiketa - 3º