Dortokek sinbolizatzen duten belaunaldi arteko transmisioaz

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 23a

Solasaldi literarioez gozatzen du Isabel Alba Rico idazleak eta nabaritu zen atzo hori kultur etxeko hitzaldi aretoan, gunea lepo bete zuten herritarren aurrean. 'Tortugas' liburua aurkeztu zuen, amek alabei egiten dieten transmisioan (memoria, balioak...) oinarritutako lana eta hiru belaunalditako emakumeak protagonista dituena: Estrella, amona; Blanca, alaba; eta Sofia, biloba. Gazteena da protagonista nagusia eta bere egunerokoan gertatzen zaiona jasotzeko grabatzen dituen ahots artxiboetan oinarritutako kapituluetan banatu du egileak kontakizuna.

Albaren idazteko moduak badu dortoken martxarekin nolabaiteko lotura, izan ere, denbora asko hartu ohi du lan bakoitza prestatzeko. Prozesuaren barruko ordu gehienak zeregin honetarako erabiltzen ditu: buruan duena nola kontatu pentsatzen. Ez du oharrik hartzeko ohiturarik, dena darama buruan, eta bidean zehar ideia batzuk galtzen badira ez zaio axola, ulertzen duelako hori bera ere badela prozesuaren parte. 

Esan bezala, hiru belaunalditako emakumeen arteko harremana da Tortugas lanaren ardatza, eta, kontakizuna "sinesgarria" egite aldera, "asko" dokumentatu dela kontatu du, pertsonaien azalean jarri eta bakoitzaren adierazteko eta hitz egiteko modua prestatzeko. Hori horrela izanik, liburuaren muina hauxe da: memoria, baloreak eta bestelakoak nola transmititzen dizkien amek alabei. Horrez gain, gaurkotasun askoko beste kontu batzuk jorratu ditu: klima aldaketa eta fenomeno horren ukazioa, zientzia, dolua, eskola jazarpena... Institutuetan irakurri eta lantzeko oso lan "aproposa" dela azaldu zuen idazleak eta joaten dela ikasleekin lana partekatzera eta hitz egitera. 

Misterio partekatua

Natura asko zaintzen duen biologo borrokalaria da Estrella. Blanca, berriz, ospitale batean milaka orduz lan egiten duen emakumea eta ama nahiz alaba zaindu behar dituena. Sofiak, hirugarrenik, ordu gehiago igarotzen ditu amonarekin amarekin baino (bere lanagatik) eta gainerako ikaskideengandik zertxobait desberdina da. Bakoitzak bere adina eta ezaugarriak izanagatik, partekatzen duten misterio bat dute eta horrek tentsioan mantenduko ditu irakurleak kontakizunean zehar, bukaeran zer den deskubritu arte.

Liburuaren izenburua ez du ausaz aukeratu idazleak. Dortoka "animalia oso sinbolikoa" dela adierazi du: "Kultura askotan islatzen ditu iraunkortasuna, jakinduria, pazientzia eta babesa". Mantso mugitzen da baina etenik gabe, eta horregatik, egonkortasuna, jarraikitasuna eta lurrarekiko konexioa ere irudikatzen ditu.