Herritarren eta elkarteen iritziak inkesta bidez bildu nahi dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 23a

Udalarekin lankidetzan ari dira Kalaka kooperatibako kideak, Berdintasun Plana garatzeko. Udal mailan egiten ari diren bilera, lansaio eta bestelakoez gain herritar eta elkarteekin gaia lantzeko asmoa dute eta bide hori irekitzeko galdetegi anonimo bat zabaldu dute. Iritzia era horretara eman nahi duten lasarteoriatarrek maiatzaren 29a baino lehen erantzun beharko dituzte inkestan jaso dituzten 30 galderak. "Aurrerago eurekin gaia lantzeko beste modu batzuk aurreikusi ditugu baina honekin hasiko gara", azaldu dute Kalakako kideek. Elkarteetako kide direnentzako beste formulario bat ere prestatu eta zabaldu dute.

Galdetegiaren helburua "bizipen eta iritzi pertsonalak anonimotasunean adierazteko tresna ematea" da, bultzatzaileek jakinarazi dutenez. "Jasoko ditugun erantzunak konfidentzialtasunez tratatuko ditugula bermatzen dugu".

HERRITARREK ERANTZUTEKO INKESTA

ELKARTEETAKO KIDEEK ERANTZUTEKO INKESTA