Euskararen urtaro izango da udazkena

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 23a

Irailaren 26an Euskal Jaia ospatuko da eta urriaren 17an eta 18an, berriz, XI. Euskararen Maratoia

"Koloretsua" izango da aurtengo udazkena Lasarte-Orian; hala adierazi du Agustin Valdivia alkateak. Gaur goizean iragarri dituzte urte sasoi horretan aurrera eramango diren eta "euskara ardatz eta oinarri" izango dituen bi ekitaldi: XI. Euskararen Maratoia eta Euskal Jaia. Valdiviak berak, Euskara batzordeko zinegotzi Estitxu Alkortak, Kultura saileko arduradun Ainara Elicecheak eta Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari Mikel Izquierdok eman dute horren berri. Xehetasunak aurrerago jakinaraziko dituzten arren, aipatu bi egitasmo horiek noiz ospatuko diren argitu dute. 

Alkortak azaldu du urriaren 17an eta 18an izango dela Euskararen Maratoiaren hamaikagarren edizioa. Hala, gogora ekarri du azken aldia 2020an egin behar zela, baina Koronabirusak eragindako osasun larrialdia medio, 2022an ospatu zela. Hala, nabarmendu du "ilusioarekin" ari direla ekimen horren antolaketa lanetan; dagoeneko herri eragileekin eta ari dira elkarlanean.  Primizia gisa esan du "berrikuntza batzuk" izango dituela aurtengoan, nahiz eta oinarrian, tradiziozko egiturari eutsiko dion. Horren harira, gaineratu du zortzikotea izango duela, baita musika eta dantzarako tartea ere. 

Euskal Jaia, irailean

Hitzartze horien ostean hartu du hitza Ainara Elicecheak; tarte hori baliatu du Euskal Jaia aurkezteko. Iragarri du irailaren 26an egingo dutela, eta, gaineratu, ospakizun hori "hazten eta herriko jai egutegian finkatzen jarraitzeko bokazioarekin" sortu dela. Iazko edizioko formatu berriak izandako "arrakastaren" ondoren, udalak herriko eragileekin elkarlanean jarraituko du, bereziki Ttakun Kultur Elkartearekin, "jaiaren izaera parte hartzailea eta komunitarioa indartzeko".

Bilera, gaur

Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari Mikel Izquierdok, aldiz, adierazi du orain arte egindakoaren berri emateko lehen bilera gaur egingo dutela. Ttakunenea elkartean aurrera eramango dute hori, 18:30ean. Bi ekimenak aurkezteaz gain, horietan parte hartu edo beste edonolako ekarpenik egin nahi duten herritar zein bestelako eragileak bertaratzera gonbidatu ditu. Bi ekimenen arrakasta bermatzeko "erakundeen eta eragile sozialen arteko elkarlanaren garrantzia" azpimarratu dute hizlari guztiek gero.

Agerraldia amaitzeko, hitzorduok "agendan gordetzeko" eskatu diete herritarrei.