Zaharrenek eman zioten hasiera jardunaldiari eta galduta zirudien neurketari itzulia eman zioten bigarren zatiko azken hogei minutuetan.
Bi taldeak ederki borrokatu ziren metroak irabazi eta entseguak lortzeko. Azkenean etxekoek ireki zuten markagailua marra igaroaz; ezin izan zuten gauzatzea lortu. Ongi erantzun zuten bizkaitarrek eta bi entsegu eta gauzatzearekin 5-14 iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, Getxok maldan gora jarri zien partida Beltzei, 5-26. Baina etxekoek ez zuten amorerik eman eta berdinketa eskuratu arte borrokatu ziren. Azken minutuetan bi taldeek garaipenaren entsegua eskuratzeko lehia bizia izan zuten, baina puntu banaketarekin konformatu behar izan ziren.
Ondoren, gaztetxoen txanda izan zen. Beltzak nagusi izan ziren markagailuan eta azken minutura arte, bizkaitarrek ezin izan zuten entsegurik egin. Erik Perez herritarrak lau gauzatze egin zituen.
Zorterik ez
Gipuzkoa Sortzen proiektuko taldeek, aldiz, ez zuten euren eguna izan. Ohorezko B mailako taldeak borrokatutako partidan 5-18 galdu zuen CR Alcalaren aurka.
Euskal Ligako mailako ordezkariak, aldiz, Bilbon (Bizkaia) izan zuen norgehiagoka. Universitario Bilbao taldea hasieratik nagusi izan zen zelaian eta 19-7 gailendu zen. Beltzak RTko kide Joanes Arroyok entsegua egin zuen.