Jon Martin, Errege Kopako finaleko borrokatik ospakizunera

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 21a

Ezkerrean, Jon Martin Sorlothekin borrokan eta eskuinean, Ostadarreko bandera eta koparekin. Arg.: Real Sociedad SAD.

Unai Marrero, Pablo Marin, Matarazzo... Egun hauetan zaletu eta komunikabide guztien ahotan dabiltza Realeko jokalari eta entrenatzaileen izenak eta horietako bat dugu Jon Martin herritarra ere. Errege Kopako finalean lan ederra egin zuen zentralak

Atletico Madril eta Real Sociedaden arteko Errege Kopara joan baino lehen agur berezia izan zuen kuadrillakoen partetik, Sanseko Lander Astiazaran jokalaria barne eta ez zuten hutsik egin Sevillan ere.

Finaleko jokalaririk gazteena izan zen (atzo 20 urte bete zituen), baina sendotasunez eta seriotasunez aritu zen jokoan. Herritarra  horma bat izan zen eta Griezmann, Alvarez, Sorloth eta Le Normandek herritarraren presioa sufritu zuten; airezko baloietan ez zuen huts egin.

Ederki ospatu zuen Marinen azken penaltia eta Kopa eskuratu izana. Jokalari eta taldeko ordezkariek zelaian zaletuei babesa eskertu zieten kopa batetik bestera eramanaz. Lasarteoriatarrak, gainera, futbolean lehen pausoak ematen ikusi zuen Ostadar SKT izan zuen gogoan zelaian eta herriko taldeko bandera jantzi zuen. Zelaitik kanpo, kuadrillakoekin besarkada eta kantuak, ezin falta.

Jon Martin (goian erdian), kuadrillakoekin Kopa ospatzen. Arg.: Manex Rudi.

Jaia, Donostian

Zelaian zein hilaren 19an itzulerako bidaian realzaleen berotasuna sentitu ahal izan zuten guztiek, baina atzo Donostian bizi izan zen ospakizun handia.  

Horretan Martinez gain, Astiazaran herritarra ere izan zen jokalarien autobusean. Realak kopa eskuratzeko bidean parte hartu duten jokalari guztiak gonbidatu zituen jaira. Astiazaranek 2025eko abenduaren 16an Realarekin debuta egin zuen Kopako final zortzirenetan Eldan (Alacant, Valentzia) Jon Ansotegiren eskutik.

Realarekin kopa jokatu duten Sanseko jokalariak. Horien erdian Lander Astiazaran herritarra. Arg.: RS Zubieta.

Donostiako kaleak jendez lepo zeuden; 100.000 bat pertsona inguru batu ziren erakunde ofizialen datuen arabera. Autobuseko aurrealdean kopa ikusgai jarri eta jokalariek zaletuak agurtzen eta kantuan egin zuten Anoeta eta Udaletxe arteko ibilbidea.

Erakundeetako ordezkariekin bildu eta Udaletxeko balkoitik jendeari hitz batzuk esan edo kantuan ere aritu ziren jokalari eta Matarazzo entrenatzailea. Festak udaletxe aurrera jaitsi zirenean jarraitu zuen eta, esate baterako, Aritz Elustondok bana jokalariak aurkeztu zituen. Honako hitz hauek esan zituen Martin herritarraren txanda izan zenean: "19 urte. Eta ze finala!". Eta denbora agortzear zelako, Astiazaran barne hartzen duen harrobiko jokalarien kasuan zera aipatu zuen: "Hau guztiaren parte dira, Realaren oraina eta etorkizuna".

Jai giroa ezin izan zen zaletuak nahi adina luzatu, Realak Getaferen aurka neurtu behar ditu bihar indarrak eta hori prestatzeko gaur goizean entrenamendu saioa egin dute Zubietan.