Pasa den ikasturtean aurrera eramandako Milakultura egunari jarraipena emango dio aurten Lasarte-Oriako Bizipoza taldeak. Hala jakinarazi dute aipatu eragile horretako zenbait ordezkarik. Aurtengoa, ordea, ez da egun bakarreko jaia izango; bitan egingo dituzte prestatutako jarduerak: maiatzaren 7 eta 8an.
Kulturartekotasunetik, haratago: eguneroko arrazakeria estereotipoak eta begirada antirrazista mahai ingurua izango da maiatzaren 7ko lehen hitzordua, ostegunarekin. 18:30ean aurrera eramango dute, Oriarte BHIn eta Ndank Ndank elkarteko kideak izango dira hizlariak. Bizipoza taldeko lagunek azaldu dute helduei zuzendutako hitzordua dela, hau da, ikastetxeetako guraso, herritar, eta bertaratu nahi duen ororentzat.
Ostiralerako, aldiz, goizetik iluntzera arteko egitaraua prestatu dute. Egunari hasiera emateko (10:00etan), Landaberri-Garaikoetxea eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako zein Oriarte institutuko ikasleek muralak sortuko dituzte. Kulturartekotasuna oinarri hartuta, leloak pentsatu, sortu, horiek idatzi eta atonduko dituzte. Horiek guztiak, gero, herriko komertzio eta kaleetan erakusgai jarriko dituztela jakinarazi dute Bizipoza taldeko lagunek. Sormen lan horretan, gainera, Porrotx pailazoaren konpainian ariko dira; kantu eta dantza egingo dute sudurgorriarekin.
Arratsaldean, berriz, 17:30ean, Ndank Ndank elkartearen eskutik Zer dakizu Afrikari buruz? sentsibilizazio saioan parte hartuko dute Ttakun Kultur Elkarteko Gazteklubeko LH 3ko gaztetxoek, Mercero gunean. Ostean (18:30ean), Okendo plazan, egitasmo horretako 4-5-6 mailakoek koreografiak dantzatuko dituzte. Zehazki hiru izango direla azaldu dute antolatzaileek: Ndank Ndank elkartearen Elkarri, Bizipozaren Bizipoza auzolan, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Eskuetan.
Musika eta dantza erakustaldia
Jaiari jarraipena emateko, 19:00etan musika jaialdia aurrera eramango dute. Bertan izango dira Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria eragileko kideak, baita Nikaraguako eta Senegaleko ordezkariak eta Semblante Andaluz elkartekoak ere. Horiek guztiek, euren dantzak eta musikak erakutsiko dizkiete bertaratzen direnei. Sahararrek, Zaghareet (irrintzi sahararra) erakustaldia ere egingo dute. Horien guztien artean izango dira ere Txalagoreko txalapartariak, Earra bertso eskolako bertsolariak, Xumela koruko kideak eta LOZETekoak.
Pasa den ikasturtekoarekin alderatuta, bada berrikuntzarik aurten; parte hartzaile guztien arteko afari-merienda egingo dute. Aipatu musika jaialdiaren ostean izango da, eta hitzordu hori baliatu nahi dute partaideak elkar ezagutu eta horien arteko harremanak sustatzeko. Jarduera hori, beraz, parte hartzaileentzat soilik izango da eta Ttakunenean egingo dute.
Udalarekin lankidetza
Iaz ez bezala, aurten arestian aipatu guztia udalarekin lankidetzan egingo dutela jakinarazi du herriko Bizipoza taldeak. Eragileko ordezkariek kontatu dute aurtengoak 1.000 euroko aurrekontua izango duela, eta ekimena aurrera eramateko behar duten megafonia ere erakundeak utziko diela. Hori horrela, nabarmendu dute "borondatezko lan handia" dagoela horren guztiaren atzean. Ikastetxeek materialari eta bestelako baliabideak uzteko egiten duten ahalegina ere gogoan izan dute.
Aurrera begirako helburuak
Kulturartekotasunaren lanketak jarraipena izan dezan, udazkenean, Ndank Ndank elkartearekin beste zenbait sentsibilizazio saio egin asmo dituzte Lehen Hezkuntzako gela guztietan; hala baieztatu dute herriko Bizipozako kideek.
Aurrera begirako xedea zein den ere plazaratu dute. Euren helburua da harrera talde bat osatzea (protokolo bat izango duena, baita diagnosia ere) eta, gaineratu dute horretarako ari direla lanean. Eragile hori irekia izatea nahi dute, hots, pertsonek eta elkarteek osatutakoa, udalarekin lankidetzan arituko dena: "Komunitateko kontua da hori eta denon artean egingo duguna".
Bizipoza taldeko lagunek herritarrek antolatu duten jaian parte har dezaten nahi dute, eta hori horrela, lasarteoriatar oro bertaratzera gonbidatu dute.
