Zaintza langileei laguntza integrala emateko zerbitzua jarri du martxan udalak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 21a

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

'Zaintzaileen zaintza' proiektuaren berri eman du, berriki, erakundeak. Horren bidez, zaintza arloko udalerriko langileei eskainiko zaizkien zerbitzuen berri eman dute Maitelaneko ordezkariekin batera

Maitelan Kooperatiba Elkartea gizarte ekimeneko kooperatiba integrala da; zainketen lana profesionalizatzen eta duintzeko lanetan ari da. Lasarte-Oriako Udalaren babesarekin, Beterri-Buruntzako Mankomunitatearen bitartez, Maitelan sektoreko langileen lan baldintzak eta enplegagarritasuna hobetzera bideratutako proiektu bat garatuko du udalerrian. 

Horren berri eman dute Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedo Beldarrainek eta Sozioekonomiako saileko buru Nuria Fernández Castrillok. Horiekin batera izan dira Maitelan Kooperatiba Elkarteko bi ordezkari ere: Elisa Peredo Quiroz eta Soledad Granada Casteñeda. 

Zerbitzuak, xehe-xehe

Agerraldian, Maitelaneko ordezkariek aipatu proiektuaren bidez udalerriko zainketetako langileei eskainiko zaizkien zerbitzuen zeintzuk diren azaldu dute:

  • Bizilekuan edo lantokian dauden baliabideei buruzko informazioa, eskubideak eskuratzea errazteko.
  • Zaintzaile profesionalen sare batean sartzea, gizarte-loturak eta elkarrekiko laguntza indartzeko.
  • Prestakuntza eta ikastaro soziosanitariorako sarbidea erraztea.
  • Enpleguaren arloko administrazio-erregularizazioari buruzko orientazioa.
  • Irregulartasunak eta lan-gehiegikeriak salatzeko laguntza.
  • Zainketetako profesionalen lan-errealitatea ikusaraztea.

Laguntza hori bideratzeko, Maitelanek zuzeneko arretako telefono zenbakia jarri du interesdunen eskura:  633 17 73 21. Astelehenetik ostiralera dei daiteke zenbaki horretara, 14:00etatik 18:00etara.

Udalaren "konpromisoa"

Zaintza langileen eskubideak bermatzeko aipatu ekimenaren garrantzia nabarmendu du Gizarte Zerbitzuetako, zinegotzi Lourdes Acevedok; hala, gogorarazi du historikoki "ikusezina" izan den kolektiboa dela. Fernandezek, berriz, proiektuaren enplegagarritasuna eta lan aholkularitza sustatzeko ekimenak duen balioari egin dio azpimarra. Biek ala biek adierazi dute Udalak Beterri-Buruntza Mankomunitatearekin eta Maitelan bezalako erakundeekin duen lankidetza "funtsezkoa" dela "udalerriko familia askoren ongizateari eusten dion sektorearen beharrei erantzun zehatzak emateko".

Proiektu hori, gainera, Maitelanen estrategia zabalago baten barruan kokatzen da, sektoreko erakunde, elkarte eta enpresekin aliantzak eraikitzeko, zaintza langileen arreta eta aitortza hobetuko duen eskualdeko lankidetza sarea sortzeko.