Olatu txuri-urdinak hartu zuen herria

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 19a

Errege Kopako finala jokatu zuen Realak Athletico Madrilen aurka, larunbatean, Sevillan. Hitzordu horren harira, egun osoko festa ospatu zen, Lasarte-Oria. 

Goiz-goizetik nabaritu zen finalarekiko ilusioa, Lasarte-Orian. Egun berezia izan zen, eta herriko zaleek, elastikoa eta bufandak jantzita, gogotik ospatzeko beta aprobetxatu zuten. Lasarteoriatarrak ez ezik, inguruko herrietako jendea ere gerturatu omen zen, herriko txokoak txuri-urdinez eta alaitasunez betetzera. 

Goizean zein arratsaldean, ondo pasatzeko hamaika aukera izan zituzten zaleek. Etxeko txikienentzako puzgarriak ipini ziren, Loidibarrenen. Hasiera batean, Mertzero gunean ipini behar ziren arren, euria iragarrita zenez, frontoira pasa zuten gazteentzako zona. Saltoka aritu ziren ehunka haur, eta euren bizipozarekin kontagiatuta, senideak ere ederki izan ziren. Futbolinean eta penaltiak jaurtitzen ere ibili ziren, besteak beste. 

Frontoitik at, tren txu-txuak Lasarte-Oriako kaleak zeharkatu zituen Okendo plazatik aterata. Harrera beroa izan zuen atrakzio honek jende mordoa paseatu baitzen, bertan. 

Hitzordu garrantzitsurako gutxi falta zenean, kalejira egin zuten afizionatuek Oaintxe in deu! txarangarekin batera. Giroa ederra izan zen, eta kantuan zein dantzan igaro zituzten erdiguneko kaleak. Musikariak ere pozarren ziren. 

Finala hastear zela, karpa ireki zuten, eta berehala bete ziren 160 eserlekuak. Dena den, pantaila handia edozein txokoetatik ikusteko aukera zenez, beste hainbestek zutik ikusi zuen partida. Balkoitik ere ikusi zuten finala herritar batzuk. 

Erlazionatuak

Errege Kopako finalaren ospakizuna, Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria api 19, 21:45 Kirola