Soineko loreduna jazten du giroak, udaberrian. Negua atzean utzita, zuhaitzak biziberritzeaz gain, orotariko landareak loratzen dira. Belardiak kolore-sorta ororen erakusleiho bihurtzen delarik, Lasarte-Oria ere lorez betetzen da, dagoeneko tradizio bilakatu den Lore eta Landareen Azokarekin batera. Aurtengoa hamairugarren edizioa izan da, berezia naturatik eratorritako pigmentuekin batera, elastiko eta bufanda txuri-urdinak ikusi ahal izan baitira. Larunbat goizean ospatu da merkatua, Okendo plazan, betiko legez.
Euskal Herriko ekoizleen lana ezagutzera ematea, eta balioan jartzea. Horixe izaten da azoka honen helburua. Herritarrek gogotik gozatu dute eskaintzarekin, eta mordoa joan da etxera lore, landare, baita frutondoak eskuartean zituztelarik. Beste hainbatek ereintzearen inguruko zalantzak argitzeko beta aprobetxatu du. Lurrean hazitako produktuez gain, baliabide naturaletatik eratorritako bitxiak ere saldu dituzte; belarritakoak eta kremak, besteak beste. Bestalde, umeentzako egurrezko jolasak ipini dira, eta hori ez ezik, eskulanetan aritzeko txokoa ere izan dute etxeko txikienek.