Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatu eta Naturklimako presidenteak eta Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateak parte hartu zuten jardueran eta ekimenaren nondik norakoak azaldu zituzten. Besteak beste, tokiko eremuetatik klima aldaketari aurre egitea garrantzitsua dela nabarmendu zuten.
Aldundiak etorkizunari aurrea hartzeko eskualde bakoitzaren errealitatera egokitutako erantzunak diseinatzea, lurraldearen erresilientzia eta herritarren bizi-kalitatea indartzea garrantzitsua dela deritzo eta horretarako BateraLab foroa jarri du martxan. Honen bitartez, herritarrek euren ideiak eman eta landu ahalko dituzte saio ezberdinetan.
"BateraLabs ez da ekintza puntual bat, prozesu jarraitua baizik. Klima ekintza bultzatzeko beste modu bat: parte hartzeko guneak irekitzea, diagnostikoa partekatzea eta tokikotik jardutea trantsizio ekologiko bidezkoagoa, demokratikoagoa eta eraginkorragoa eraikitzeko", nabarmentzen dute.
Lasarte-Oriako Antonio Mercero gunean egindako saioan eskualdeko erakundeetako ordezkariek, gizarte eragileek eta elkarte sareak parte hartu zuten.
Lanketa prozesua
Lehenik, Buruntzaldeko klima diagnosi espezifikoa azaldu zen. Horren arabera, hurrengo hamarkadeten klima fenomenoen maiztasuna eta intentsitatea handituko da. Eta hiri eremuan zein lehen sektorean aldaketa horrek izan ditzakeen eraginak ere jakinarazi zituzten.
Ostean, parte hartzaileek Buruntzaldeko klima errealitatearen gainean duten ezagutza eta esperientzia jasotzeko dinamika egin zen. Inpaktuak, ahuleziak eta jarduteko aukerak identifikatu ziren, eta ondorengo urratsentzat oinarri partekatu bat sortu zen.
Izan ere, bigarren fase bat aurrera eramango da hurrengo hilabeteetan. Horretan eztabaida kolektiboa eta proposamen zehatzen definizioa landuko dira. Izan ere, gure lurraldean identifikatutako arazoei aurre egiteko eragina duten neurri bideragarriak diseinatuko nahi dira.
Era berean, partaidetza prozesutik sortzen diren lehentasunetatik abiatuta, Buruntzaldean proiektu zehatz bat bultzatzeko konpromisoa hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak. Ekimen horiek ekintza klimatikoen herritarren txostenaren parte izango dira eta udalei, eskualde agentziei eta inplikatutako departamentuei helaraziko zaiela azaldu du Aldundiak "herritarren proposamenak benetako jarduera bihurtzeko helburuarekin".