Bigarren edizioa hilaren 25ean egingo dute, udalarekin lankidetzan, eta, egun gutxi falta direla, udalerriko 11 egoitzetako egoera zer-nolakoa den ezagutu dugu ospakizun eta aldarrikapen ekitaldia prestatzen ari diren kideek emandako informazioari esker: Arrieskalleta, Buruntz-Azpi, Extremadurako Etxea, Intza, Lasartearra, Palomo Linares, Saustatxo, Semblante Andaluz, Ttakunenea, Udaberri-Andatza eta Xirimiri. Horietako gehienetako talde argazkiekin osatu ditugu artikulutxoak; Idoia Telleria Maritxalar IDo hitza argi argazkilari herritarrak atera ditu guztiak.
Hori horrela izanik, urratsez urrats eta kidez kide aldatzen ari dira argazkiak eta egoerak, Lasarte-Oriaren ezaugarri diren aniztasuna eta elkartasunaren muinean esparru horretan (elkarte gastronomikoenean) egiten ari diren lana balioan jarrita.
Elkarte zaharrenetik berrienetara arte, bakoitzak izan duen bilakaera jorratu dugu. Batzuetan sorreratik izan dira partaide eta bazkide emakumeak, beste batzuetan ez, eta aurtengo urtarrilaren 18tik esan dezakegu Lasarte-Oriako elkarte gastronomikoetan dagoela gutxienez bazkide bat, Lasartearra elkartean sartu diren hiru pertsonekin. Albiste hori lehenago iragarri nahi zuten guztiek, eta, gura baino beranduago erdietsi izanagatik, pauso hori ere eman dute eta aurrerantzean askoz gehiago izateko lanean ari dira
ARRIESKALLETA
2007. urtean sortu zuten. 82 bazkide dituzte, eta, gutxi gorabehera, erdiak dira emakumezkoak. Zuzendaritza hasieratik izan da mistoa eta lehendakari kargua 2011n hartu zuen emakume batek aurreneko aldiz.
BURUNTZ-AZPI
1961ean eratu zuten. 70 bazkide dituzte eta bost dira emakumeak. 2011n misto bihurtu zuten (ordura arte, emakumeak, larunbat, igande, festa egun eta bezperetan soilik). 2015ean egin zen emakume bat elkartekide, aurrenekoz; lehendakaritza ez dute hartu oraindik.
EXTREMADURAKO ETXEA
1978an sortua, hasieratik izan da mistoa, baita sortzaileen taldea ere. 90 bazkide ditu gaur-gaurkoz eta 22 dira emakumezkoak. Lehendakari kargua 1996an hartu zuen aurreneko aldiz genero horretako pertsona batek.
INTZA
1947an sortu zuten eta pandemia garai betean, 2020an, onartu zuten emakumeak sartzea eta bazkide izatea. Urtebete geroago sartu zen aurrenekoa eta gaur egun lau dira. Emakumezko aurreneko lehendakaria 2024an izan zuten.
LASARTEARRA
1973an sortu zuten Lasartearra elkartea. Guztira 94 bazkide dira eta horietatik hiru dira emakumezkoak, aurtengo urtarrilaren 18an sartu direnak.
PALOMO LINARES
1967an eratua, emakumeak asteburuetan, jaiegunetan eta bezperetan soilik sar zitezkeen urteko hilabete gehienetan. 2007an estatutuak aldatu eta aurreneko bazkidea sartu zen. 83 bazkide aktibotatik hamahiru emakumeak dira. Aurreneko lehendakaria, 2024an.
SAUSTATXO
1977an sortu zuten Saustatxo elkartea eta hasieratik ez zen mistoa izan, eratu eta zenbait urtetara baizik. Urtez urte sartu dira emakume elkartekideak (55 kidetik bederatzi dira) eta gaur egungo lehendakaria ere emakumezkoa da.
SEMBLANTE ANDALUZ
1993an eratu zuten eta mistoa izan da hasieratik; gizonak eta emakumeak, eskubide berberekin. 132 bazkidetatik ia erdiak, 65, emakumeak dira. Hiru hamarkada hauetan bakar bat ere ez da lehendakari izan oraindik.
TTAKUNENEA
2016an sortu zuten Ttakunenea elkartea eta hiru urte geroago hartu zuen lehendakaritza (Ttakun elkarte osokoa ere bai) aurreneko emakumezkoak. Gaur egungo lehendakaria ere emakumezkoa da. Hasieratik izan da elkarte mistoa, gizonezko nahiz emakumezko bazkideekin.
Elkarte horrek gaur-gaurkoz dituen bazkide guztietatik 35 dira emakumezkoak.
Bazkidetza mota desberdinak sustatzen ari dira Ttakunenean: banakakoa, binakakoa eta gazteei zuzendutakoa (18 eta 30 urte artean dituzten herritarrentzako eskaintza da, zehazki). Iñigo de Loiola kalean dagoen elkargune horrek bi eremu ditu: nagusia bat, mota askotako jarduerak aurrera eramateko;eta jangela-sukaldea bestea, otorduak egiteko. Ikasketetako lan, proiektu eta bestelakoak aurrera eramateko elkargune erosoa da.
UDABERRI-ANDATZA
2002an sortu zuten eta hasieratik izan da mistoa. Gaur egun 94 bazkide dituzte eta horietatik hamabost dira emakumeak. Sorrera egunetik bertatik emakumeak egon dira eta karguak bete dituzte elkartearen barruan.
XIRIMIRI
1989an sortu zuten eta emakumezkoak hasieratik izan dira bazkideak. Bertako kideek azaldu dutenez bazkidetza partekatuak dituzte: bikoteak batzuetan, seme-alabak beste batzuetan... Gaur egun gazteentzako talde giltzak ere badituzte; hamar lagunen artean kudeatzen eta ordaintzen dituzte.
Xirimiri elkartearen barne esparruan lantaldeak dituzte eta horiek ere kidetzat hartzen dituzte.
Horrez gain, herriko eragileek sarrera irekita dute eta izaera hori hartu duten talde ugarik egin zituzten hastapenetako bilerak Xirimiri elkartean.