Gizarteko izurrite isilaren frekuentzia entzuteko

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 18a

Ados Teatroa konpainiak '52 Hertz' antzezlanaren emanaldia egingo du Manuel Lekuona Kultur Etxean, hilaren 25ean, 19:30ean. Herriarekin lotura estua duten Dorleta Urretabizkaia eta Martxelo Rubio aktoreekin elkartu da TXINTXARRI obra horren nondik norakoen berri izateko

Aukeratu gabeko bakardadeak, izurrite isil baten tankeran, herri industrializatuetan bizi diren bost lagunetik bati eragiten dio dagoeneko. Azpiegiturazko arazoa da, zeharkakoa eta lehen mailakoa, ahalik eta modu gehienetara ikusarazi beharrekoa. Problematika horri heldu eta, hori pairatzen ari diren pertsona batzuen benetako lekukotzan oinarrituta, ikusteko eta entzuteko moduko antzezlana ondu du Ados Teatroa konpainiak: 52 Hertz.

Talde horretako kideek antzezlanaren dossierrean kontatu dutenez, izenburuak "soinu bitxi" baten frekuentziari egiten dio erreferentzia, azken 35 urteetan Ozeano Bareko hainbat tokitan grabatutako bati. Balea urdin baten kantuaren antzekoa da, baina hamar eta 39 hertzio arteko frekuentzian komunikatzen dira eta animalia bakarti horren ahotsa agudoagoa da, 52koa; espeziearen entzumen mugetatik kanpo geratzen da. Antza denez, jaiotzetik gorra da eta horregatik ez zuen sekula ikasi bere deiak sintonia egokian emititzen, bere espezieko beste ale bakar batek ere ezin dio erantzun.

Bada, metafora hori bihurtu da gizarte isolamenduaren sinbolo eta aukeratu gabeko bakardea pairatzen ari diren pertsonei buruzko "ikuspegi poliedrikoa" islatzen dute antzezlanaren bidez, kontakizunean zehar elkar gurutzatuko diren pertsonaien bizipenak ehunduta. "Soinu horren oihartzunak alderik alde zeharkatzen du testua eta eszenaratze lana, tonu ez errealista batean, irudi poetikoz eta koreografiaz betea".

Aktoreetako bi diren eta herriarekin lotura estua duten Dorleta Urretabizkaiarekin eta Martxelo Rubiorekin elkartu da TXINTXARRI, 52 Hertz lanari buruz gehiago jakiteko. Hertzio kopuru zehatza (gizakien ahotsa 85etik 255eko tartean dago) jakin gabe, hizketaldia frekuentzia eta sintonia onean joan dela baiezta dezake kazetariak.

Dorleta, orain hemen bizi ez bazara ere lasarteoriatarra zara eta, besteak beste, kuadrillako lagunak hemen dituzu. Martxelo, urte askotan udalerrian bizi eta lan (Siglo 20 tabernan, zehazki) zenuen. Biok ala biok lotura estua duzue herriarekin. Hori kontuan izanda, hilaren 25eko emanaldia berezia izango da?

Dorleta Urretabizkaia: Bai, ilusio berezia egiten dit 52 Hertz hemen erakusteak. Herrira etorriko naiz aspaldiko partez eta lagunak emanaldia ikustera joango dira!  Emanaldiaren arabera Ainhoa Aierbe edo ni aritzen gara, eta, Lasarte-Oriara gentozela jakin nuenean, azkar asko esan nuen honetan ni ariko nintzela (barreak).

Martxelo Rubio: Horrelako lotura emozionalak dituzten emanaldiak bereziagoak izaten dira, bai. Gainera, lan honetan lantzen dugun gaian sinesten dugu, motibazio estra moduko bat ematen digute horrelakoek.

Jorratu duzuen gaia ez da nolanahikoa: aukeratzen ez den bakardadea.

D.U.: Gizartearen gaur egungo izurrite isiletako bat da, herri industrializatuetan bizi diren bost pertsonatik batek pairatzen duena. Egoera horretan dauden pertsonen lekukotza errealetan oinarritutako ikerketa lanetik abiatuta hegan egin eta pertsonaiak, situazioak... sortu genituen gai hori ikusarazi ahal izateko.

M.R.: Problematika hori plazaratzea eta gizartea sentsibilizatzea da gure asmoa. Ni, adibidez, proiektuan lanean ari naizenetik aldatu nau: horrekiko dudan begirada desberdina da, egunerokoan egoera horretan egon daitekeen jende gehiago ikusten dudala iruditzen zait. Eta ez helduak edo adineko pertsonak soilik; gazteak ere bai.

D.U.: Horixe esan behar nuen, gazteen artean ere badagoela arazo hori. Ikaragarria iruditzen zait kontua eta baita erator daitezkeen arazoak ere, euren buruaz beste egiteraino. Gainera, Martxelo, gurasoak gara biok eta seme-alabak ditugu; gaiarekiko beldurra badugu.

M.R.: Paradoxikoa da: hiperkonektatuta bizi garen honetan, gero eta isolatuago gaude.

D.U.: Iruditzen zait problematika konpontzeko neurriak-eta gizarte mailan gauzatu behar ditugula baina tira, lan honen bidez ahal dugunean landu nahi diegu, batez ere, horrela sentitzen direnei. Antzezlana ikusi gero sua pizteko, kontzientziatzen hasteko...

"Aukeratu gabeko bakardadearen gaia ikusarazi eta gizartea sentsibilizatzen lagundu nahi dugu"

 

Helburu horiek lortzen ari zaretela uste duzue? Emanaldien ostean zer esan dizuete ikus-entzuleek?

D.U.: Antzeztu bitartean entzuten ditugu mukiak, barreak, negar malkoak… Oso harrera polita izaten dugu, hunkituta geratzen dira emanaldien ostean. Gogoratzen zara Martxelo, Iruñekoa eta gero… Andre batek esan zigun: 'Oso beharrezkoa da hau, konta ezazue, jendeak ikus dezala, egia delako!'.

M.R.: Noski, ez baitugu gaiaz modu irekian hitz egiten.

D.U.: Lotsa ematen digu 'bakarrik sentitzen naiz' esateak.

M.R.: Eta baten batek esaten badu, aurreiritziak izaten ditugu askotan: 'Bakarrik baldin badago zerbaitengatik izango da'.

Bakarrik dagoena 52 hertziotan soinuak emititzen dituen balea da, gainerakoek entzuten ez dutena. Metafora oso deigarria erabili duzue gaia eta sorkuntza lana lotzeko.

D.U.: Ez genuen horren berri eta gu ere harritu gintuen. Ezaguna omen da, abestiak-eta dauzka! Jendeak botilak botatzen ditu itsasora berarekin hitz egiteko… Kuriosoa da, bakarrik bizi da, ozeanoan, baina inork ez du entzuten.

M.R.: Isolamendu sozialaren metafora perfektua iruditzen zait: agian pertsonak ari dira laguntza eskatzen nolabait baina ez ditugu entzuten, ez gara konturatzen.

Ohikoak ez diren frekuentzietan daudela sentitzen diren eta lekukotzak eman zituzten pertsonetako batzuk integratu dituzue sorkuntza prozesuan, ezta? Zer-nolako esperientzia izan da hori?

D.U.: Produkzio laguntzaile gisa integratu zen Mari Cruz izeneko emakume bat, prozesu guztia bizi izan zuen estreinatu arte. Nolabait bere ahotsa entzuten zen, emozionatu egin zen, malkotan, ukitu egiten zuen bere burua islatuta ikusi zuen.

M.R.: Ariketa katartikoa izan zen berarentzat. Hori da gure helburua, egoera horretan sentitzen direnei laguntzea. Lortuko bagenu, sekulakoa izango litzateke guretzako.

Testigantzak eman eta zenbaitek eratze prozesuan parte hartuta ere, '52 Hertz' ez da bizipen horien erreprodukzio literal bat. Ikuskizunaren ezaugarriak beste batzuk dira.

M.R.: Berezia izan da sorkuntza prozesua. Aktoreoi, normalean, gidoia ematen digute, testuak ikasten ditugu eta entseatzen hasten gara gero. Oraingoan ez, taldekide guztiok testurik gabe ekin genion lanari: sekuentziak eta eszenak eman zizkiguten baina ez kronologikoki. Kanpotik, agian, zertxobait kaotiko gisa ikus daiteke baina obra bizirik zegoen hasieratik eta aukera izan dugu ekarpen asko egiteko.

D.U.: Gogoratzen zara aurreneko egunaz, Martxelo? Proposatu ziguten idaztea, eman zizkiguten egoeretan oinarritzea eta pertsonaiak sortzea. Puzzlea pixkanaka osatu genuen: ekarpen batzuk hartu genituen eta besteak ez.

M.R.: Inoiz baino irekiagoa zegoen Garbi Losada [lanaren egilea, J.A. Vitoriarekin batera] eta gauza asko erosi zizkigun.

D.U.: Oso giro polita sortu genuen denon artean. Ariketa kolektibo horren bidez gehiago inplikatu ginen guztiak.

Orain arteko emanaldiak Euskal Herrian egin dituzte; bertatik kanpo ere antzeztu nahi dute

Lana estreinatu duzue eta emanaldi ugari egin dituzue. Sorkuntza prozesua erabat itxita dago ala lanari ekarpenak egiten jarraitzen diozue?

Biek elkarrekin: Estreinatzerako dena oso finkatuta dago baina tira, atea ez dago erabat itxita. Hori bai, gehiegi desmadratu gabe (barreak).

Zuzeneko emanaldietan beti gertatzen zaiguna da espero ez ditugun erreakzioak jasotzen ditugula. Txiste edo pasarte umoretsu bat propio prestatu ikus-entzuleek barre egiteko, eta kontrakoa gertatu. Eta alderantzizkoa ere pasatzen da, edozein huskeriarekin bat-batean jendea algaraka hastea.

Adibide zehatzik oroitzen duzue?

M.R.: Eszena batean, Sole [Dorletak berak antzezten du], depresioak jota lanetik kaleratua izan eta inorekin hitz egiten duen emakumea, kalera irteten da parean harrapatzen duen edonorekin mintzatzera. Orduan, Manolo [Martxelok haragitzen du pertsonaia hau] azaltzen da eta Sole parez pare ikusi bezain pronto alde egiten du. Horrekin barrez lehertu izan dira behin baino gehiagotan.

D.U.: Nork ez du hori egin noizbait, pertsona batekin topo egitea saihestu eta beste aldera aldentzen hasi, telefonoa begiratu... Azken finean, gure buruez eta eguneroko jokabideez barre egiten dugu.

M.R.: Gaiztoak gara ba oro har... (barreak). Txantxez aparte, uste dut jendeak beharra duela barre egiteko egunerokotasunean, ariketa beharrezkoa da eta iruditzen zait ongi funtzionatzen dutela horrelakoek 52 Hertz lanean.

D.U.: Horregatik diogu antzezlanaren gaiak baduela berezko pisua baina ez zaiela zamatsua egingo ikus-entzuleei: umorea oso presente dago.

Interpretatzen dituzuen pertsonaiei buruzko pista batzuk eman dizkidazue. Sole eta Manolo zarete oholtza gainean, beraz.

D.U.: Bai, eta pertsonaia gehiago ere antzezten ditugu. Bakoitzak bizpahiru rol-edo. Batzuek protagonismo gehiago dute eta besteek gutxiago.

M.R.: Manolok, adibidez, pisu txikia du kontakizunean. Nire kasuan, protagonismo gehiago du alargun geratu eta seme-alabek bere gogoz kontra egoitza batean sartzen duten gizonak.

D.U.: Solez gain, gizon horren alabaren papera ere nik egiten dut, esate baterako. Tratu txarrak eman zizkion senarrarengandik ihes egin eta urte pare batez desagertzen da. Tarte horretan, harremana galtzen du senitartekoekin. Familiaren gaia landu dugu horren bidez, esate baterako. Beste egoera batzuetan dauden pertsonaiak ere badaude: etorri berria den etorkina edota katastroan lan egiten duenez egun osoan telefonoz hitz egiten ari dena, baina gero ingurukoekin komunikatzen ez dena.

M.R.: Egoerez eta pertsonaiez gain, eszenografia eta musika aipatzekoak iruditzen zaizkit. Sekulako ekarpena egiten diote antzezlanari.

Lasarte-Orian antzeztu ostean, zer? Emanaldi gehiago dituzue lotuta etorkizunerako?

D.U.: Bai, baditugu. Maiatzaren 15ean, adibidez, Andoaingo Bastero aretoan ariko gara. Eta beste bat aipatzearren, udaratik bueltan, irailaren 25ean, Elorrion izango gara (Bizkaia). Orain arteko emanaldiak Euskal Herrian egin ditugu, ezta Martxelo?

M.R.: Bai, hori da. Euskal Herritik kanpo ere aritzea gustatuko litzaiguke, ea aukera dugun. Euskaraz nahiz gaztelaniaz prestatuta dugu ikuskizuna.

Jatorria eta lanaren fitxa teknikoa

Lasarte-Oriara laster ekarriko duten antzezlana proiektu transmedia baten emaitza dela azaldu dute Ados Teatroa konpainiako kideek. 'Giza eskubideak eszenara' lan ildoaren barruan jorratu dute. Gizartean baztertuta egon daitezkeen pertsonekin lan egiten dute kultura sorkuntzaren bidez. 2024an aukeratu gabeko bakardadea lantzen hasi ziren eta bost minutuko dokumental txikiak egin zituzten egoera hori pairatzen ari diren pertsonekin (Giza Filmoteka proiektuan bildu dituzte). Hori burutu bitartean, '52 Hertz' antzezlana lantzen hasi ziren iazko otsailean, urrira arte. Donostian estreinatu zuten.

Fitxa teknikoa

Egileak: Garbi Losada eta J.A. Vitoria. Euskarazko bertsioa: Bego Losada. Zuzendaritza: Garbi Losada. Zuzendaritza laguntzailea: Dorleta Urretabizkaia. Argiztapen diseinatzailea: Xabier Lozano. Musika eta soinu espazioa: Javier Asin. Espazio eszenikoa: Iñigo Losada. Jantziteria: Tytti Thunsberg. Aktoreak: Joseba Apaolaza, Martxelo Rubio, Ainhoa Aierbe/Dorleta Urretabizkaia, Amaia Irazabal eta Kimetz Etxabe.