Ohikoa den moduan, BTT probako irteera eta helmuga Askatasuna plazaren inguruan izango dira eta goizeko 9:00etan emango zaio hasiera lasterketari.
Antolatzaileek probak zaletuen artean sortutako interesa azpimarratu zuten; dortsalak duela astetatik agortuta daude. Horrek BTT Lasarte-Oriak kirol egutegian duen sendotasuna eta erakargarritasuna baieztatzen du.
Era berean, azken urteetan izan duen hazkunde iraunkorra nabarmendu zuten agerraldian, bai parte-hartzeari dagokionez, baita eragin sozial eta ekonomikoari dagokionez ere. Izan ere, Lasarte-Oriako BTTak izaera inklusiboa du. Ohiko txirringa zein bizikleta elektrikoei irekia dago, eta maila ezberdinetara egokitutako ibilbideak ditu; hasiberriek zein esperientziadunek mendiko txirrindularitzaz gozatu ahal izan dezaten ingurune natural pribilegiatu batean. Era horretara, publiko mota guztientzako hitzordu irisgarria da.
Lasarte-Oriako Udalak bi ataletan lagunduko dio BTT probari; Kirol arloko zerbitzuen bidez ekitaldia antolatzen lagunduko du eta Sozioekonomia arloak bultzatutako Tratu On Bat markari esker, babesle gisa ere parte hartuko du.
Udal arduradunek azaldutakoaren arabera, jarduerak tokiko dinamizazio ekonomikoan duen eragina positiboa da eta hortaz baliatuz, Lasarte-Oria eskualde barruko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletan erreferentziazko interesgune gisa ikustaraztea bilatzen du erakundeak.
Trafikoan eragina
Trafikoari ahalik eta gutxien eragiteko, Udaltzaingoak, probaren antolatzaileekin batera, berariazko protokolo bat ezarri du, zirkulazioaren arintasuna ahal den neurrian bermatzeko. Garrantzi handiko gertakaririk aurreikusten ez den arren, herritarrei ulertzea eskatzen zaie, eta ohiko joan-etorriak aurreratzea gomendatzen da, proba egiteak eragin ditzakeen ondorio puntualak saihesteko.