Munduaren konplexutasuna ulertzeko ariketa errealista gauzatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 16a

Igor Zulaika Zurimendi, solasaldian zehar azalpenak ematen.

Munduaren egoera orokorra gero eta ilunagoa den honetan, atzo arratsaldean zerua argitsu eta urdin zegoen Lasarte-Orian. Zenbaitek kalea bete zuten bitartean, Antonio Mercero aretora bertaratu ziren beste zenbait, Lasarte-Oriako EH Bilduk antolatutako Mundua sutan dago eta gu herri txiki (ukatu) bat gara hitzaldira. Nazioarteko geopolitikaren korapiloak aztertu zituzten alderdi horretako nazioarteko politika arduradun Igor Zulaika Zurimendiren eskutik. Bi helburu nagusi jarri zizkioten saioari: batetik, egungo testuinguru globalaren irakurketa aztertzea eta partekatzea, alarmismorik gabe, baina bai seriotasunez eta erantzukizunez jokatzeko moduetan oinarrituta; eta bestetik, inor deprimitu gabe ateratzea, hori gero eta erronka zailagoa den garaiotan.

Lasarte-Oriako EH Bilduko zinegotzi Uxue Loinazek eman zuen helburuen berri eta Zulaika ere aurkeztu zuen. Hark, eskertuta, hitza hartu eta hasierako gogoeta hau partekatu zuen parean zituenekin, beraiei hitza eman aurretik: munduaren egoera "konplexua" dela onartuta, "jokabide ezkorraren eta errealistaren arteko bidea urratzea" da bere helburua.

Ariketatxo hau proposatu zien segidan: erantzuteko ea zer espero zuten saiotik. Aleka-aleka hasi ziren ekarpenak egiten herritarrak: Donald Trump eta mehatxu atomikoa, mundu osoan irekita dauden gatazkak (Palestinakoa edota Irangoa, kasu), egitzat saldu dizkiguten zenbat gezur irentsi ote ditugun edota Europaren eta Euskal Herriaren rola gaur egungo testuinguruan.

Euskal Herria, subiranotasunera

Azken kontu horri heldu zion Zulaikak. Azaldu zuen EH Bilduren nazioarteko politikaren helburua dela Euskal Herria subiranotasunera eramatea: "Jendarte eredu bidezko bat nahi dugu eta nazioarteko beste estatu batzuek gurea onartzea". Horretarako bidean lan egiteko "printzipio sakonak" aletu zituen gero: "Herrien subiranotasuna, esku hartze ezina eta autodeterminazioa". Giza eskubideen karta dute oinarri eta negoziazioaren eta akordioaren alde egiten dute "beti, beti eta beti".

Norabide horretan, euskal jendartea "ahalik eta urrunen" eramatea da Zulaika kide duen lantaldearen zeregina. "Gure lana ez da EH Bildu inteligenteena izatea; gure jarreran errealismoa mantentzen saiatzen gara, mundua den bezalakoa onartuta, ez guk nahiko genukeen bezalakoa".

Hori horrela izanik, Euskal Herria estatu burujabea eta independentea izatea dute xede, "munduarekiko duen konpromisoa aintzat hartuta". Norabide horretan, "eredu sozioekonomiko justua eta ekologikoa" izatea bilatzen ari dira.

Hasieran ezarritako dinamikari eutsita, gonbidatuaren hitzartzeak solasaldira bertaratutakoen ekarpenekin uztartu zituzten amaierara arte, munduaren konplexutasuna ulertzen saiatzeko ariketa errealista eginda.