Reggae dantzaleku bilakatuko da Andatza plaza

Txintxarri adlizkaria 2026ko apirilaren 15a

Andatza Festibalaren bigarren edizioa aurkeztu berri dute Agustin Valdivia alkateak eta Txus Alonso Jaietako zinegotziak. Iragarri dute maiatzaren 16an aurrera eramango dutela, Andatza plazan, eta oholtza gainean zein musika talde ariko diren ere jakinarazi dute. Reggae musikaren topaleku bilakatuko dute herriko leku hori, 17:30etik aurrera

"Izen handiko artistak" ariko dira jendaurrean, besteak beste, Green Valley. Horrekin batera, Morodo taldearen izena ere mahaigaineratu dute, baita Matah artistarena ere. Horiez gain, musika emanaldia eskainiko dute baita ere Belen Natali musikariak, baita Eira abeslari donostiarrak ere. Agoteak taldea ere eszenatoki horretan ariko da. Azken talde horretako kide bat, gainera, herritarra dela ere iragarri dute hizlariek. 

Kontzertuen aurretik, DJa

Jaialdiari hasiera emateko, eta giroa berotze aldera, DJ  emanaldia izango da; hala azaldu dute udal ordezkariek, eta gaineratu, jakiak erosteko postuak (food truck) ere izango direla. 

Agerraldia amaitu aurretik alkateak azpimarratu du Andatza Festibala "eredugarria" dela eta gisa horretako ekimenek Lasarte-Oriako kultur eskaintza "indartzen" jarraitzen dutela, kalitatezko "proposamen erakargarriekin". Horrez gain, "herriko bizitza soziala dinamizatzea eta publikoa erakartzea" ere lortzen dutela. Bestalde, Alonsok nabarmendu du, lehenengo edizioaren arrakastaren ostean, helburua dela jaialdia erreferentziazko hitzordu gisa sendotzea". 

Agurtzeko, lasarteoriatarrak eta inguruko herrietakoak bertaratzera gonbidatu dituzte. Denek giro onean jaialdiaz gozatzea espero dute.