Xabat Martinek lau domina, pistako Espainiako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 15a

Xabat Martin, jazarpen probako podiunaren gorenean Arg.: Andoaingo Txirrindulari Eskola.

Kadete eta junior mailako Espainiako txapelketek pista denboraldiari amaiera eman zioten hilaren 2tik 5era, Galapagarreko pistan (Madril). Urtarrilean Madison modalitateko Espainiako txapeldun izan ostean, Xabat Martin Mariezkurrena herritarrak banaka zein taldeka kadete kategoriako probei ederki egin zien aurre eta domina uzta eskuratu zuen: urrezko bat, bi zilarrezko eta brontzezko bat

Lehen egunean banakako abiadura eta jazarpen finaletarako kanporaketak jokatu ziren eta bigarrenean A finalean egotea lortu zuen Andoaingo Txirrindulari Eskolako kideak.

Finala hurrengo egunean lehiatu zuen herritarrak Mikel Meta nafarraren aurka. Lehia estua izan zen eta sei segundo hamarrenetara Martin garaile izan zen (2.19,362). Beraz, Espainiako txapeldun maillota eta urrezko domina eskuratu zituen.

Ordu batzuk beranduago, bigarrenez igo zen Martin podiumera. Erlojupeko proban izan zen, 500 metroko bidea 35,087an egin zuen eta bigarren postua eskuratu zuen txirrindulari gazteak; Pau Brullet katalana izan zen garailea.

Hirugarren jardunaldian, taldekako abiadura eta jazarpen probak lehiatu ziren eta banakakoaren antzera, bigarren modalitateko A finalerako sailkatu zen herritarra Euskadiko kide David Diaz eta Beñat Mendizabalekin batera. Nil Jin Aparicio, Pau Brullel eta Iu Romero katalanek eraman zuten garaikurra; zilarra, aldiz, Euskadirentzat izan zen.

Azken jardunaldian, banakako probei jarraipena eman zitzaien eta Lasarte-Oriako txirrindulari gazteak laugarren domina eskuratu zuen puntuazio proban. Gonzalo Vega madrildarra eta Aitor Ros murtziarrarekin borrokatu behar izan zen herritarra puntuak eskuratzeko. Baina Ros lehiaketako buru zela, azken metroetan Vegak itzuli bat irabazi eta garaipena eraman zuen 35 punturi esker; Rosek 17rekin amaitu zuen lasterketa. Martinek guztira 11 puntu batu zituen eta horiei esker, podiumeko hirugarren postuan izan zen.