Zazpi maratoi, zazpi egunetan eta Euskadiko zazpi herri ezberdinetan; Gipuzkoan eta Bizkaian hiruna eta bakarra Araban. Guztira, 295 kilometro. Hori da Ana Isabel Pineda atletak hilaren 19tik 26ra egingo duen erronka. Ez da kirol jarduera soila izango, diabetesa ikustarazi eta ikerketarako dirua biltzea ere izango du helburu ekimenak. Lasarte-Oriako Udalak bat egin du Gipuzkoako Diabetes Elkarteak (AGD) eta Diabetes Cure Research Association (DCRA) elkarteek babesten duten desafioarekin eta Pineda Atsobakar kirol gunean izango da hilaren 20an, 16:00etatik 21:00etara. Ekimena egingo den leku berean egin dute gaur aurkezpena eta Irungo atletarekin batera izan da, Lasarte-Oriako Kirol zinegotzi Goizalde Pildain.
|
Irunen hasiko da lasterka hilaren 19an eta hurrengo egunean, Lasarte-Orian bigarren maratoia egingo du Pinedak; maratoiko kilometroak betetzeko 105 itzuli emango dizkio Atsobakar kirol guneko pistari. Hurrengo egunetan, aldiz, Errenteria, Santurtzi, Bilbo, Basauri eta Gasteizen ere aurrera eramango du balentria. Agerraldian nabarmendu den modura ez da hau gaixotasun hau ikustarazteko egiten duen lehen erronka. 2024an 101 kilometro egin zituen Irungo Plaiaundi pistan eta Bartzelonan ere izan zen 24 ordu korrika. |
Zazpi hitzorduak
|
Kiroletik haratago
Desafioa hasteko atzera kontaketa hasi da eta atletak antolatzaileen ilusioa handia dela nabarmendu du. Horrez gain, ekimena kiroletik haratago doala gogoratu du: "Diabetesaren borroka azalaraztea, gizartea sentsibilizatzea eta gaixotasunaren sendabidearen ikerketan laguntzea du helburu. Baina diabetesa duten pertsonen egunerokotasunean ere motibazio plus bat izatea nahi dut".
Pildainek, berriz, horrelako proba bat Lasarte-Orian egitea ohore bat dela nabarmendu du: "Lasarte-Oriarentzat harro egoteko modukoa da kirola, norberaren mugak gainditzea eta konpromiso soziala uztartzen dituen erronka baten parte izatea, diabetesa bezalako pertsona askori eragiten dion errealitate bati ikusgarritasuna emanez”.
Kirol zinegotziaren aburuz, horrelako ekimenek "kirola bizitza dela, bizia aldatu dezakeela, mugarik ez duela eta gizartean eragina izan dezakeela" erakusten dute.
Ekimenarekin bat egin
Kirolariak, jarduerako antolatzaileak zein udal ordezkariak herritarrak gonbidatzen dituzte hilaren 20an, kirol gunera hurbildu, korrikalariak animatu, korrika egin edo dortsal solidarioa erostera. "Hurbiltzen den jendearekin jai giroa sortzea espero dugu", adierazi du Pinedak.
Arestian aipatu modura, Irungo atleta lau orduz egingo du korrika. "Pixkanaka pixkanaka joango gara. Indarrak neurtu behar ditut erronka guztia egin ahal izateko. Gainera, giroaz eta jendeaz ere gozatu nahiko nuke", azaldu du.
Izena emateko edo jardueraren gaineko informazio gehiago eskuratzeko diabetesdcra.com/reto-7x7x7-diabetes webgunean edo AGDren sare sozialetan
Egunean bertan ere izango da aukera ekimenarekin bat egin edo laguntzeko. Horretarako Atsobakarreko pistan jarriko da mahai bat. Horrez gain, parte hartzen dutenek ere zer jan eta edan izango dutela ere jakitera eman du Pildainek.