Garagardoa ezagutu eta dastatzeko topaketa egingo dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 13a

Iazko garagardo dastaketako une bat.

Bost artisau garagardo edango eta beste horrenbeste pintxo jango dituzte Virgen de Guadalupe Extremadurako Etxeak hilaren 24an egingo duen dastaketara bertaratzen direnek. Elkarteko bazkideek 22 euro ordaindu beharko dituzte izena emateko; bazkide ez direnek, berriz, 24 euro. Apuntatzeko azken eguna hilaren 22a izango da, asteazkena.

Brewery Land markako bost garagardoak laguntzeko pintxo hauek kozinatuko dituzte Extremadurako Etxeko kideek: hegaluze eta bakailao enpanadak; itsaski zakutxoa; azpizun iberikoa, Idiazabal gaztarekin egindako kremarekin eta tipula karamelizatuarekin; Extremadurako Etxeko bolobana; eta gazta tarta.