Aterpeak Hipodromoko Udaberriko denboraldia babestuko du

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 13a

Aterpea elkarteko zein Hipodromoko ordezkariak, udaberruko denboraldiko aurkezpenean.

Donostiako Hipodromoak 110 urte beteko ditu uztailaren 2an. Udako sai bereziaren aurrekari modura, udaberriko denboraldia lehiatuko da apirilean zehar. Hiru jardunaldi izango dira jokoan, guztira hamabost lasterketa eta sari guztiek Lasarte-Oriako merkatari, ostalari eta zerbitzuak batzen dituen elkarteko kide baten izena izango dute. Aterpea zein Hipodromoko arduradunek gaur aurkeztu dute urte sasoi honetako egitaraua

Hilaren 16an udaberriko denboraldia hasiko da Donostiako Hipodromoan. Aurten hiru jardunaldi izango ditu sasoiak (hilaren 16an, 22an eta 29an) eta guztiak goizez lehiatuko dira.

Lasarte-Oriako Aterpea merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkarteak bosgarren urtez Hipodromoarekin lan egingo du eta herriko merkataritza sustatzeko asmoz, denboraldiko hamabost lasterketak babestuko ditu.

Jardunaldiak eta lasterketak, honakoak dira:

Apirilaren 16a, 11:05ean Apirilaren 22a, 10:55ean Apirilaren 29a, 11:05ean
  1. Andatza Taberna 
  2. Aitonak Okindegia
  3. Alcar Leihoak
  4. Patricio Taberna
  5. Aldaz Hortz Klinika
  1. Arkupe Taberna
  2. Namie Sushi
  3. Arregi Elektrizitatea
  4. Ormazabal Loradenda
  5. Lasarte-Oria Orain Isaac Farré
  1. Arima Gastrotaberna
  2. Herriko Etxea jatetxea
  3. Buenetxea taberna kafetegia
  4. Monkey Park
  5. Milla finka administrazioa

Elkarlanean jarraitzeko asmoa

Aterpea elkarteko Ramon Ormazabal eta Ana Laureano kideek zein Hipodromoko kudeatzaile Josu Ruiz eta Ander Sueskun komunikazio arduradunek aurkeztu dute denboraldia eta Hipodromoa, Lasare-Oria eta bertako komertziak duen lotura azpimarratu dute guztiek.

Ormazabalek eskerrak eman dizkie Hipodromoko arduradunei beste urte batez udaberri sasoiko denboraldian Aterpeari presentzia emateagatik. Era berean, erakundearekin elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu du eta horretarako Lasarte-Oriako Udalaren presentzia egotea beharrezko jo du Aterpeako kideak.

Hipodromoko ordezkariek Aterpea eta erakundearen arteko elkarlana 2022an hasi zela gogoratu dute, beraz, Lasarte-Oriako elkarteak babesten duen bosgarren denboraldia izango litzateke. Horri garrantzia eman dio Josu Ruiz Hipodromoko kudeatzaileak: "Elkarlana onuragarria izan da guztiontzat. Eta hau bai dela, zero kilometroko lana. Bertako dendariekin ospatu edo lan egin nahi dugu denboraldi honetan. Era honetara, bertakoaren aldeko apustua egin nahi dugu".

Komunikazio arduradun Ander Sueskunek aipatu du hiru jardunaldi hauetan aurreko urteetan babesle modura izan diren komertzio askok errepikatuko dutela, baina berririk ere badagoela jakitera eman du. Lasterketa kopuruarengatik Aterpeako bazkide guztiei lekua ematerik ez dutela adierazi du Sueskunek, baina eurentzat guztien ordezkaritza egotea pozgarria dela nabarmendu du.

Hori guztiaz gain, Udaran Aterpeak sari bat izango duela ere aurreratu dute Hipodromoko kideek. "Oraindik ezin dugu zehaztu zein egunetan izango den. Baina komunitatea egin behar dugu eta gertuko komertzioari aukera hau eman nahi diogu. Udako saioak presentzia eta ikusgarritasun gehiago izango du. Beste erakunde batzuk ere dagoen harreman eta loturaz jabetzea nahiko genuke. Hipodromoa Lasarte-Oriarik gabe ez ezer. Harreman estua izan da beti herriarekin eta etorkizunean ere mantentzea nahi dugu", aipatu du Sueskunek.

Hitz horien harira, Aterpeako elkartekide Laureanok batetik Hipodromoak eta Lasarte-Oriako herriak duten lotura berretsi du, "Lasarte-Oriarik gabe Hipodromorik ez litzateke egongo eta Hipodromorik gabe ez litzateke Lasarte-Oria egongo". Eta bestetik, Udako denboraldiko gonbita onartu du.