Datorren urteko egutegia prestatzeko lehiaketa martxan jarri dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 13a

Udaleko Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandez, aurtengo egutegia eskuetan duela. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

'Lasarte-Oria zure objektiboan' ekimenaren bidez osatu nahi du udalak 2027ko egutegia eta 16 urtetik gorako herritarrak ekimenean parte hartzera animatu ditu. Lehiakide bakoitzak originalak eta aurretik argitaratu gabeak izan diren hiruna argazki aurkez ditzake urriaren 23a baino lehen. "Argazkigintzaren esparruko tokiko profesionalek osatutako epaimahaiak" bere iritziz onenak diren hamabi argazkiak aukeratuko ditu gero.

Udaleko Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandezek nabarmendu duenez, datorren urteko egutegian islatu nahi dute herritarrek kolektiboki Lasarte-Oria nola ikusten duten. Herritarrek lehiaketara aurkeztutako argazkiek "udalerriaren funtsa" erakutsi beharko dute, dela bertako txokoen bidez, eguneroko momentuen bidez edo tokiko bizitzaren eszena adierazgarrien bidez. 

Arestian esan bezala lehiaketara aurkeztutako irudiek originalak eta aurretik argitaratu gabeak izan beharko dute. Formatu horizontalekoak, 4:3 itxura erlaziokoak eta bereizmen handikoak izan beharko dute. Lanak aurkezteko epea urriaren 23an amaituko da eta parte hartu nahi dutenek Udal Erregistrora joan edo bestela udalaren webgunea erabili beharko dute.

Epaimahaiko kideek aukeratutako argazki bakoitzaren egileak 100 euroko erosketa bonua jasoko du herriko tokiko dendetan erabiltzeko. Horrez gain, portadarako hautatzen duten irudiaren egileari beste 50 euroko erosketa bonu bat emango diote.