Udaberriaren erakusleiho bilakatuko dute Okendo plaza

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 8a

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

Behemendi eta Dekolore elkarteekin lankidetzan XIII. Lore eta Landareen Azoka prestatu eta aurkeztu du Lasarte-Oriako Udalak. Hilaren 18an aurrera eramango dute, 10:00etatik 14:30era, Okendo plazan. Ekoizle eta artisauek postuak jarriko dituzte eta landareekin zerikusia duten familia jarduerez gozatu ahalko dute bertaratzen diren herritarrek. 

"Kolorea, tradizioa eta gertutasuna" uztartu nahi dituzte antolatzaileek hilaren 18ko ferian. Okendora salgaiak ekarriko dituztenen postuetan honakoak topatu ahalko ditugula aurreratu dute:  loreak; landare apaingarriak, aromatikoak eta sasoikoak eskainita; edota kosmetika naturala nahiz artisautza bezalako produktu eratorriak. Ekimenaren bidez produktu horien "salmenta zuzena sustatu" eta "lehen sektorearen lana balioan jarri" nahi dutela adierazi dute. 

Salerosketarako azoka ez ezik, dibulgaziokoa eta familia girokoa izango da. 10:00etatik 14:30era bereziki haurrei zuzendutako ekimen ugari burutuko dituzte Okendon, hala nola egurrezko jolas tradizionalak edota lore eta landareen munduarekin lotutako jarduerei buruzko tailerrak. 

Udaleko Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandezek nabarmendu duenez, lore eta landareen azokaren gisako ekimenek laguntzen dute "eredu ekonomiko jasangarriago, hurbilago eta gizatiarragoa" eraikitzen, tokian tokiko merkataritza jarduera dinamizatzeaz gain. "Hori gutxi balitz, herritar guztientzako topaguneak eta ikasteko guneak sortzen dituzte".

Erlazionatuak

Loreen eta landareen XII. Azoka

Txintxarri Aldizkaria 2025 api 06 Gizartea