San Pedro Jaietako afixak aurkezteko epea bukatzear dagoela gogorarazi du Jaietako zinegotzi Txus Alonsok eta deialdi horren gaineko xehetasunak zehaztu ditu. Nabarmendu du "interes handia" pizten duela lehiaketan artisten eta diseinatzaileen artean. Hala, gogorarazi du zein den egitasmoaren xedea: herriko zaindariaren jaiak irudikatuko eta iragarriko dituen sormen lana aukeratzea.
Parte hartzeko, ordea, zenbat baldintza edo oinarri errespetatu behar izaten dituzte partaideek urtero; aurten, ordea, adi ibili beharko dute sortzaileek; zentzu horretan, zenbait berrikuntza zehaztu baititu udalak. Argitu dute interesa duen edonork parte hartu ahal izango duela (adin edo bizileku mugarik gabe), baina partaide bakoitzak gehienez hiru proposamen aurkeztu ahal izango ditu. Horiek, noski, originalak izan behar dute, eta aurretik saritu gabeak izan. Aurkezteko moduan ere bada aldaketarik aurten. orain arte digitalki edo aurrez aurrez helaraz zitzaketen arren, aurten digitalki baino ez dituzte jasoko. Sormen lanek JPG formatua izan behar dute, 50x70 zentimetroko neurria eta ondoko helbidera elektronikora bidali behar dira: jaiak@lasarte-oria.eus. Mezuan datu pertsonalak eta harremanetarako datuak erantsi behar direla ere ohartarazi du arduradun politikoak.
Horretaz guziaz gain, afixek agerian eraman beharko dute San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2026 leloa, eta genero berdintasunerako irizpideak errespetatu beharko dituzte; hori bete ezean, lehiaketatik kanpo utziko dute.
Arestian esan bezala, kartelak aurkezteko azken eguna hilaren 6a izango da, astelehena.