Pazko Astea amaitzear egongo denean hasiko da Lasarte-Oriako apirileko kultura agenda. Okendo Zinema Taldeak Hamnet filma proiektatuko du kultur etxean, 20:00etatik aurrera. Bi egun geroago beste pase bat egingo dute, toki berean, 19:30ean. Bi emanaldi horien artean, haurrei zuzendutako bi hitzordu: Kalean otso, etxean uso antzezlana eta Chirp, Honey HIllseko ikertzailea filma. Hilaren 11n eta 12an emango dituzte hurrenez hurren, 17:00etan biak, kultur etxean.
Akordeoi jaialdiaren lehen zatia
Hilabete honetako hitzordu nabarmenetako bat 18an aurrera eramango dute Zero Sette Akordeoi Orkestrak eta udalak, kultur etxean, 18:30ean: 23. Lasarte-Oriako Akordeoi Jaialdiaren lehen zatia. Marcel Loeffler akordeoi jotzaileak eta Rodrigo Mosquera gitarra jotzaile eta abeslariak emango dute kontzertua. Leioako kontserbatorioko ikasleek ere parte hartuko dute.
Interesgarria izango da baita ere Ados Teatroa konpainiak 25ean herrira ekarriko duen antzezlana, 52 Hertz. 19:30ean izango da emanaldi hori, kultur etxean. Opera eta ballet ziklo digitalari dagokionez, Danok Kide elkarteak eta udalak iragarri dute Giselle proiektatuko dutela hilaren 15ean, kultur etxean, 19:00etan.
Irakurzaletasunari ere egin diote txokoa. Literatur txokoko kideek hilaren 15ean izango dute hurrengo hitzordua, Truman Capote idazlearen Odol hotzean lana aztertzeko. 22an, berriz, Isabel Albak idatzitako Tortugas eleberria jorratuko dute Olga Serranok gidatutako taldeko kideek. Liburu Baby Kluba egitasmoaren barruan bi saio (18an eta 25ean) egingo dituzte eta Udal Liburutegiko kideek jarduera originala iragarri dute 25erako: Escape Room literarioa. 7 urtetik gorakoei zuzendutako ekimena da.