'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' dokumentala emango dute gaur ETB1en

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 3a

Inge Mendioroz Ibañez lasarteoriatarraren ikus-entzunezko lana estreinatuko dute telebistan, 'prime time' ordutegian, 22:15ean. Euskal kulturaren transmisioan "ezinbesteko erreferente" izan den pertsonetako batean ardaztutako dokumentala ondu du Idoia Garzes Aldazabal herrikidearekin batera. Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean Euskal Herriko zinema aretoetara eraman dute eta aitortza bat baino gehiago ere jaso dute.

Mendiorozek duela hiruzpalau urte ekin ziola proiektuari, orduan jarri zela gerora gidoigilea izango zen herrikidearekin harremanetan, Iriondori buruz ikertu eta "zer kontatua" bazegoela egiaztatu ostean: "Lurdesek egindakoa era zaharkituan kontatua izan da, Frankismo garaietako klitxeak etengabe errepikatuta: neska gaztea, xaloa, txuri-beltzeko irudiekin eta beti Ez Dok Amairu taldeko ibilbidearekin konektatuta. Eragile hori sortu aurretik hasi zen bakarlari gisa abesten eta elkartu zirenean bera zen kide ezagunena eta proiektuaren sustatzailea. Gainera, musikan ez ezik beste kultura alor batzuetan ere izugarrizko lana egin zuen, hala nola antzerkigintzan edota literaturan, haurrei zuzendutakoan batez ere".

Artista urnietarraren biografia lanera ekartzearekin batera, beste kontakizun paralelo batekin josi dute dokumentala: "Gure buruei galdetu diegu ea zergatik Lurdes bera eta bakoitza berean erreferente den emakume gehiagoren jarduna ez diguten erakutsi beste kulturgile garrantzitsu askorena bezala; nolatan geratu diren ahaztuak". Horretarako, erreferentziazko zortzi emakume elkarrizketatu dituzte: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Patxika Erramuzpe Alfaro, Mariasun Landa Etxebeste, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Ana Guadalupe Fernandez Bilbao eta Jule Goikoetxea Mentxaka.

Dokumentalaren trailerra