Lasarte-Oria akordeoiaren zaleen topaleku bilakatuko da. Udalak eta Zero Sette kultur elkarteak 23. Lasarte-Oriako Akordeoi Jaialdiaren lehen zatia aurkeztu dute gaur goizean. Bertan esan dute apirilaren 18an izango dela hitzordu hori, 18:30ean, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. Prentsaurrekoan izan dira Zero Sette elkarteko ordezkari Idoia Zabaleta, eta Kultura zinegotzi Ainara Elicechea. Azken horrek, azpimarratu ditu ekitaldiak udalerriko kultur programazioaren barruan duen "ibilbide sendoa eta nazioarteko ospea duten musikariak erakartzeko duen gaitasuna".
Marcel Loeffler akordeoi jotzaileak eta Rodrigo Mosquera gitarra jotzaile eta abeslariak emango dute kontzertua. Horiei dagokienez, Zabaletak eta Elicecheak azaldu dute "kulturen arteko bidaia musikala proposatzen duen bikoa" dela. Hala, adierazi dute Europako jazzaren eraginak Latinoamerikako erritmo eta konposizioekin uztartzen dituztela.
Ikasleen parte hartzea
Leioako Kontserbatorioko interprete gazteek ere parte hartuko dute jaialdian, eta "musika prestakuntzan egindako lana erakustera" igoko dira oholtzara. Partaide horiek nortzuk izango diren ere zerrendatu dituzte hizlariek: Uxue Rama Mulero, Nahikari Campos Marcos, Juana Klassen Allende, Lide Ugalde Perez, Nerea Tena Marquez, Iria Blanco Marina eta Sebastian Gomez Sanguinetti. Taldekako zein bakarkako emanaldiak eskainiko dituzte horiek.
Errotutako jaialdia
Aurkezpenean, Zabaletak eskerrak eman dizkio udalari; Zero Sette elkarteari emandako babesa eta "akordeoia zabaltzeko eta zuzeneko musika sustatzeko konpromisoa" balioan jarri ditu. Era berean, jaialdiak 23. aldia beteko duela iragarri dute, eta esan, "erreferentziazko hitzordu kultural" bihurtu dela Lasarte-Orian.
Kultura zinegotziak, berriz, Lasarte-Oriako kultur programazioa aberasten duten eta herritarrei kalitatezko musika proposamenak gerturatzen dizkieten ekimenak bultzatzeko udalaren eta tokiko kultur ehunaren arteko lankidetza garrantzia nabarmendu du.