Eguzkiko harrobia, indartsu ligan aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 30a

Eguzki Areto Futboleko infantil taldeek indartsu hasi dute bigarren fasea. Gipuzkoako txapelaren bila daude herriko taldeko bi ordezkariak eta hialren 28ko jardunaldian ez zuten huts egin

Eguzki Patricio taberna eta Andatza taberna taldeek infantil mailako ligako bigarren fasea hasi dute. Bi ekipoek Gipuzkoako txapelketa lehiatuko dute eta  Lauburu KE Ibarra A eta B eta Irun Futsal izango dituzte aurkari.

Lehiaketako lehen jardunaldian, Eguzki Patricio tabernak Lauburu KE Ibarra 0-4 garaitu zuen eta hilaren 28an, Irun Futsalen aurka ere nagusi izan zen herriko ordezkaria. Michelin kirol guneko pilotalekuan jokatutako lehian 13-0 gailendu zen. Ikus galeriako irudiak.

Eguzki Andatza taldeak, aldiz, lehen jardunaldia atseden izan zuen eta bigarrenean talde zailari egin behar izan zion aurre, Lauburu KE Ibarra A. Ederki borrokatu ziren bi taldeak eta kantxan ikusitako berdintasuna emaitzan isla izan zuen; banako berdinketa izan zen.

Era honetara, Eguzki Patricio taberna sailkapeneko lehen postuan da eta Andatza tabernako kideak hirugarren dira.

Selekzioekin lanean

Eguzki Areto Futbol taldeko gaztetxoek, gainera, Euskadiko zein Gipuzkoako Selekzioen deia jaso dute entrenamendu saioak egiteko,

12 urtez azpiko Euskadiko selekzioa maiatzean Madrilen lehiatuko den Erkidegoen arteko Espainiako txapelketa prestatzen ari da eta Eguzkiko bost kide izan dira hilaren 22an eta 25ean taldearekin lanean: Peru Azkarate, Ekhi Dominguez, Eneko Redondo, Egan Mena eta Noel Benitez.

Eguzkiko kideak, 12 urtez azpiko selekzioko kide eta prestatzaileekin. Arg.: EFF_FVF

Gipuzkoako Selekzioari dagokionez, kategoria ezberdinetako taldeak lanean hasiko dira aste honetan.

Gaur, kadete eta infantil mailako jokalariak bilduko dira Billabonako Olaederra Kiroldegian eta eremukako saioak egingo dituzte. Debagoiena eta Tolosaldeako kideek egingo dute bat lehen entrenamenduan. Nahiz eta Eguzkiko gaztetxorik ez egon jokalarien artean, infantil mailako prestatzaile lanetan izango dira aurten Mikel Escribano eta Gorka Redondo herritarrak.

Jubenil mailan, aldiz, Eguzkiko lau kide izango dira lanean: Urko Goñi, Axular Miguelez, Alex Regueira eta Markel Rodriguez.  Bihar hilaren 31n izango dute saioa, leku berean.