Geratzeko etorri da bigarren eskuko azoka

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 28a

Bigarren eskuko azoka aurrera eraman dute auzotarrek, aurreneko aldiz. Eguraldia txarra izan delarik, Basotxo plazatik frontoira lekualdatu dute merkatua. 

Berrerabilpena sustatzeko asmoz antolatu dute bigarren eskuko azoka, Zabaletan. Xede horri jarraituta, orotariko objektu ederrak eta bitxiak izan dira salgai: arropa, zapatak, jostailuak, panpinak, liburuak, seaskak...Erabiltzen ez dutenari bizitza berri bat emanez, ekonomia zirkularrarekin bat egin dute auzotarrek, eta frontoi osoa bete dute euren askotariko eskaintzarekin. 

Hogei postuk osatu dute bigarren eskuko azoka. Parte hartzaile asko zabaletako auzotarrak izan dira. Hainbat, lasarteoriatarrak. Kanpoko herrietako jendea ere gerturatu da. Azken momentuko kontuak direla-eta, saltzaile bat edo bestek ezin izan du saltokia ipini. Merkatariez gain, lasarteoriatar asko igo da Zabaletara, auzotarrak ere, noski, nahiz eta giroa freskoa izan, larunbat goizean; euritsua eta haizetsua. 

Errepikatzeko modukoa

Ekimenak izandako harrerarekin pozik, azoka errepikatzekoaren alde agertu dira antolatzaileak, irriketan lehenengo edizioarekin ikasitakoak hurrengoetan aplikatzeko. Urtean hainbatetan egin, urteko zein garaitan...galdera mordoa sortu zaizkie, eta dagoeneko hasi dira itaun horiek erantzuten.