Aurrera eraman dute hileroko hitzordua

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 27a

Hileroko ekimena egin du Lasarte-Oriako Sarek.

Elizatze plazatik abiatuta, Okendo plazaraino egin du hileroko ekimena Lasarte-Oriako Sarek. 

Hilaren amaierarekin batera ailegatu da martxoko azken ostirala, eta horrek esan nahi du elkarretaratzea egin duela Lasarte-Oriako Sarek euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzearen alde. Ohiko legez, atzera begirako balorazioa egin dute, hitzorduarekin amaitzeko irakurritako aldarriaren bidez; martxoak emandakoaren gainean solastatu dira, alegia. Era berean, zehaztu dituzte aurrera begira jarraitu beharreko urratsak ere. 

Gogoratu dute asteburu honetan amaituko dela 24. Korrika. Horren harira, gonbitea zabaldu dute Sarek Etxeratekin egingo duten kilometroa eurekin batera korritzeko eta euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarriak erakusteko. 3.428. kilometro izango da, eta Bilboko Autonomia kalea zeharkatuko du. 

Bestetik, salatu dute indarrean jarraitzen dutela "konponbidearen logikan oztopo diren lege eta politikak". Dena den, traba izan arren, jakinarazi dute etxerako bidean aurrerapausuak ematen ari direla, "tantaka-tantaka" bada ere. Horrekin batera, egungo zifrak ekarri dituzte gogora. Izan ere, 120 dira zigorrak betetzen ari diren presoak, eta horietako 52 erregimen itxian betetzen ari dira euren zigorra, nahiz eta "azken urteak kalea zapalduz betetzeko baldintzak bete". 14 iheslari dira eta 3 deportatu. 

Salbuespenak ezin duelako gehiago luzatu, aldarrikatu dute lanean jarraituko dutela oztopo diren lege eta politikak salatzen, baita bakea eta elkarbizitza lortzeko ere. Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen alde jardungo direla ere aitortu dute.