Michelin lantegiko ehun eguneko grebaren 50. urteurrena dela-eta ekimenak egingo ditu orduko behargin eta kaleratutako langile talde batek. Borroka hura "gogoratu, aldarrikatu, balioan jarri eta gaur egungo belaunaldiei transmititzeko" helburuarekin antolatu dira, eta ildo horretatik aurrera eraman dute lehen hitzordua. "Asanblada irekia" deituriko hitzordua egin dute ostegun honetan, hilak 25, Mirentxun. Aipatu lanuzte horretan aktiboki parte hartu zutenetako hainbat kide elkartu dira hitzordu horretan. Bertan izan dira Lasarte-Oriako Michelin lantegiko egungo langile komiteko kideak ere. Elkar ikusi, zenbait kasutan elkar ezagutu eta datozen hilabeteetako egitarauaren gainean aritu dira hizketan.
Felix Artetxe, Felix Perez Carrasco, Maise Otaño eta Rafa Diez arduratu dira saioa gidatzeaz. Azken horrek hartu du hitza asanbladari hasiera emateko, eta aretoan bildutakoak zertxobait testuinguruan kokatu ditu; taldea nola eta zein helbururekin sortu den azaldu du. Kontatu du, besteak beste, orduko borroka hura "gogoratu, aldarrikatu, balioan jarri eta gaur egungo belaunaldiei transmititzeko" lanean ari dela talde eragilea. Gauzak horrela, ekimenarekin bat egiteko deia luzatu die bertaratu direnei, eta Felix Carrascori eman dio hitza gero. Hori arduratu da aurrerantzean egingo dituzten jardueren berri emateaz, besteak beste. Iragarri du, esaterako, maiatzaren 7an, ostegunarekin hitzaldi bat emango dutela. Kultur etxeko auditorioan izango da hori, eta lasarteoriatar orori orduko mobilizazioaren berri emateko asmoz egingo dute. Apirilaren 15ean, berriz, Oriarte institutuko bigarren batxilergoko ikasleak izango dira entzuleak; hitzaldia emango dute aipatu ikastetxean. Hamar egun geroago, LOGA Lasarte-Oriako Gazte Asanbladarekin batera, 1976ko lanuzte hartan esanguratsuak izan ziren herriko zenbait leku bisitatutko dituzte, hala nola, garai hartan Guardia Zibilaren kuartela zegoen lekua. Ekainaren 5ean, berriz, lanuztean parte hartu zutenen bazkaria egingo dute (bertaratzeko izen ematea aldez aurretik egingo dute), eta azkenik, erakusketa bat ere egiteko asmoa agertu du Carrascok. Lanuztearen gainean bildutako materiala erakutsi asmo dute, hala nola, eskuorriak, pegatinak, eta bestelakoak. Hori horrela, etxean edozein material uzteko moduan duenari, jakinarazteko eskatu diote. Hori zein datetan izango den aurrerago iragarriko du lantaldeak.