Taula Xake Klubeko kideek, Gorengo mailara igoera eta dominak eskolarteko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 27a

Ezkerrean, Erlantz Sanchez (txuriz) eta eskuinean, Pedro Garcia (gorriz), eskuratutako dominekin.

Taula Xake Klubeko heldu zein gazteek hitzordu garrantzitsuak izan dituzte azken asteetan

Ligako azken jardunaldia Lasarte-Orian jokatu zuten A eta B taldeek eta biek garaipena erdietsi zuten. Egindako txapelketari esker, A ekipoak Gorengo mailarako igoera erdietsi du. Bigarren mailako kideek, aldiz, jaitsiera ekidin dute.

Taula Ako ordezkariek Beraun Bera B izan zuten aurkari azken neurketan; taula batean garaipena erdietsi eta hirutan parra eginda 2,5 puntu irabazi zituen.

Billabona B hartu zuen Taula Bk eta bi taulatan irabazi eta beste bietan berdinketa lortu ostean, 3-1 gailendu zen. 

Maila igoera

Sailkapenerako puntu garrantzitsuak eskuratu zituzten Taula kideek eta horri esker, A taldeak igoera multzoko bigarren postua eskuratu du 16 punturekin. Ondorioz, hurrengo urtean Gorengo mailan lehiatuko dira herritarrak.

Maila horretako hirugarren postuan (15,5 p.) izan da Felix Manso kide duen Mikel Inmobiliaria taldea eta horrek ere igoera eskuratu du. 

Bigarren mailako xake klubeko ordezkariari dagokionez, jaitsiera multzoko seigarren amaitu du lehia 14 punturekin eta hurrengo urtean ere kategoria berean izango da taldea.

Lehen postuetan

Xake klubeko gaztetxoak, aldiz, infantil eta alebin mailako banakako zein taldekako Eskolarteko Gipuzkoako txapelketetan lehiatu ziren martxoko lehen bi asteburuetan, Astigarragan.

Banakako lehian, Gipuzkoa osoko jokalariak bildu ziren hilaren 7an eta 14an. Zazpina partida jokatu zituzten lehiakideek eta Sanchez (5 p.) zein Garcia (5,5 p.) Taula kideak hirugarren postuan sailkatu ziren, infantil eta alebin kategorietan, hurrenez hurren.

Taula Xake Klubak maila horietako taldeak sortu ahal izan ez dituenez, beste xake talde batzuekin izan ziren lehian herriko gazteak, hilaren 15ean. Eta Sanchez eta Garciak taldekakoan ere podiumean izan ziren; garaikurrak eskuratu zituzten Beraun Bera A eta Bidasoa Xake taldearekin.