Lasarte-Oriako gidariak Joseba Iraola bizkaitarra eta Arkaitz Ordoki nafarra izan zituen aurretik entrenamendu zein lehen lasterketa kronometratuetan. Azken igoeran, Ordoki ibilbidetik atera eta denbora galdu zuen arren, Mansok ezin izan zuen nafarraren marka ondu eta sailkapen orokorreko hirugarren postuarekin konformatu behar izan zen. Hala ere, pozarren dago egindako lasterketarekin, "gure kategoriako lehen izan gara".
Txapelketako lehen proban argi geratu da bi gidari horiekin lehiatu beharko duela Lasarte-Oriako gazteak txapelketako sari nagusia mantentzeko: "Biak maila altuagoko kotxeak dituzte eta zail izango da txapelketa eskuratzea. Euren hutsegitei adi egon beharko gara lasterketak irabazteko. Gu positibo mantendu behar gara eta ea nola amaitzen den lehia".
Aurtengo denboraldiari aurre egiteko kotxe berriaren zain dago lasarteoriatarra, bien bitartean, alokatutako Talex M3 batekin ari da lehian. "Pixkanaka kotxeari moldatzen ari gara eta Aste Santuaren ondoren lehiatuko den Opakuako (Araba) proban ari gara dagoeneko pentsatzen ", aurreratu du Mansok.