Hilaren 13an, finalerdi gogorra -Mundarro 10-9 eta 10-8 gainditu zuen bikoak- gainditu ostean, Ziotza izan zuen aurrez aurre lehiaketako azken partidan Lasarte-Oriako pilota elkarteko bikoteak.
Lau pilotariak ederki jardun ziren kantxan eta tantoak eskuratzeko ederki borrokatu behar izan ziren. Tamalez, markagailua aurkariaren aldeko izan zen jokatu ziren bi jokoetan; bietan emaitza bera izan zen 10-8.
Era horretara, Intzako kadeteek Udaberri txapelketako txapeldunordearen oroigarria jaso zuten.
Ez da hau txapelketan izan den herritar bakarra izan, kategoria ezberdinetan izan dira lehian Intzako federatuak. Nagusien 2. mailako eta kadeteen 1. eta 2. kategoriako bikoak eskuz zein Nagusien 2. mailako gomazko palako kideak jardunaldiz jardunaldi ederki borrokatu diren arren, ezin izan dute azken faserako sailkapena eskuratu.
Infantilak, Ekialdeko finalean
Errendimendu mailan, aldiz, infantil I. kategoriako Irai Jauregik eta Julen Sagastibeltzak Ekialde txapelketako finala lehiatuko dute; Oiarpe izango dute aurkari.
Hilaren 20an, Loidibarren pilotalekuan jokatu zen finalerdian nagusi izan ziren Intzako ordezkariak; Mundarro 18-9 garaitu zuten.
Intzako eskolako gaztetxoak infantil eta alebin 3. mailatan ere jardun dira binakako lehian eta Ekialde txapelketako finalerdietan kanporatuak izan dira bi bikoteak. Hilaren 20ean, Hondarribiaren aurka 18-11 galdu zuten Iker Garcia eta Axular Ibarzabal infantilek; egun bat lehenago, Danel Beldarrain eta Amets Sanchez alebinek ezin izan zuten Pagazpe 2 gainditu.
Finalerako bidean
Bestalde, hilaren hasieran Intzako kide Iker Artetxek Gomazko palako banakako Gipuzkoako txapelketako lehen fasea lehiatu du.
Hilabetean zehar hiru jardunaldi jokatu ditu herritarrak Beotibar, EPLE eta Beloki taldeetako kideen aurka eta hirurak gainditu ditu; 25-15, 8- 25 eta 25-8 izan dira emaitzak, hurrenez hurren.
Ondorioz, bere multzoko lehen sailkatu da eta txapelketako final zortzirenetan izango da lehian, gaur, hilaren 27a; Hernaniko Arandia izango du aurrez aurre.