Lasarte-Oriako Udalak emakumeentzako doako aholkularitza juridiko zerbitzu berri bat jarriko du martxan, eta horren berri eman du gaur goizean. Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroan eskainiko da zerbitzu hori, eta horren xedea da "emakumeei ikuspegi feminista batetik legezko informazioa eta laguntza espezializatua eskaintzea". Hala jakinarazi dute aipatu ekimena aurkezteko agerraldia egin duten ordezkariek: Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok eta berdintasun teknikari Izaskun Rodriguezek.
Zenbait xehetasunak ere eman dituzte. Azaldu dute, esaterako, aipatu zerbitzua IRULEk kudeatuko duela, eta, gaineratu, "ikuspegi feministatik zerbitzu juridiko eta psikosoziala eskaintzen duela". Hala, gaineratu dute zerbitzua erabiltzen dutenek zenbait gairi buruzko informazio juridikoa eskuratu ahal izango dutela, hala nola, banantzeen eta dibortzioen gainekoa, emakumeen aurkako indarkeriari buruzkoa, hausturek eragindako gatazkena, edota atzerritartasunarena. Era berean, etxeko langileen eta zein beste edozein sektoretako beharginen berariazko kontsultei ere erantzungo dute.
Zalantzak argitzeaz gain, zerbitzuak orientazioa ere emango die eskatzaileei. Hori prozesu judizialean bertan eman daiteke, edota horren aurreko faseetan. Horiek izan ditzaketen ondorioak azalduko dizkiete, horrela, "emakumeei erabakiak hartzen laguntzeko". Prozeduren zuzendaritza teknikoa bere gain hartuko ez bada ere, egoera bakoitzari egokitutako laguntza juridiko osagarria ere bermatuko dute.
Zerbitzuaren oinarrietako bat
Emakumeen ahalduntzea da zerbitzuaren oinarrietako bat, hala nabarmendu dute Acevedok eta Rodriguezek, eta esan, "gertutasunean, enpatian eta komunikazioan oinarritutako arreta" sustatzea dela nahia. Horrela, erabiltzaile bakoitzak bere egoera ulertu eta autonomiaz jokatu ahal izatea lortu nahi dute.
Hilean behin eskainiko da zerbitzua, Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Zentroan eta aldez aurretik hitzordua eskatzea ezinbestekoa dela ohartarazi dute. Hori aipatu zentroan bertan egin dezakete interesdunek.