Hitzordua goizeko 10:00etan jarri dute, Loidibarren pilotalekuan. Partida bakoitza hamabi tantora jokatu dute. Zazpi bikote izan dira guztira, eta bederatzi partidek osatu dute adimen urritasunari dagokion taldekako fasea. Lander Ortega herritarra izan da parte hartutako pilotarien artean. Eneko Sagarmendi izan du bikote.
Partida politez gozatu ahal izan dute frontoia bete duten zaleek. Elastiko gorria jantzita zutelarik, Ortega-Sagarmendi bikoak jokatutako hiru lehiak irabazi ditu. Lehenengo neurketan, 12-1 irabazi dute Mikel Vegaren eta Ibai Gomezen aurka. Jarraian, 12-4ko markagailuarekin amaitu dute Leire Esnalen eta Jurdan Arakistainen kontra jokatutako norgehiagokan. Azkenik, 12-9 emaitza jaso dute Asteasu-Askasibar bikotearen aurrean. Publiko artean lagunak eta senideak izan ditu Ortegak, eta gogotik animatu dute lasarteoriatarra.
Finalerdira sailkatu direlarik, Sheila Cueto eta Joseba Altuna izan dituzte aurrez aurre. Garaipena lortzeko borrokatu dira, eta azkenean, Euskal Pilota Egokitua Zirkuituko finalerako pasea eskuratu dute, 6-12 irabazi baitute.