Euskal Pilota Egokitua Zirkuituko neurketak izango dira igandean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 20a

Lander Ortega pilotaria eta Goizalde Pildain zinegotzia, aurkezpenean. Arg.: Lasarte-Oriako Udala

Igandean, hilaren 22an, Euskal Pilota Egokitua Zirkuitua – EITB Sariaren hitzordua jokatuko da Lasarte-Oriako Loidibarren pilotalekuan. Goiz eta arratsaldean kategorai ezberdinetako lehiak izango dira. Parte hartuko duten pilotarien artean Lander Ortega herritarra izango da

Euskal Pilota Egokitua Zirkuitua – EITB Sariak Lasarte-Oria izango du egoitzetako bat. Hilaren 22an, Loidibarren pilotalekuan jokatuko dute jardunaldia eta bi bloketan banatuko da. Goizean, 10:00etatik aurrera, adimen urritasunaren kategoriari dagozkion probak jokatuko dira, Gipuzkoako Irekiaren barruan. Arratsaldean, 15:00etatik aurrera, desgaitasun fisikoko lehiaketen txanda izango da.

Parte hartuko duten pilotarien artean Lasarte-Oriako ordezkaria bat izango da, Lander Ortega. Zirkuituko lehen kanporaketan lehiatuko da herritara eta apirilaren 12an Zumarragan jokatuko den finalerako sailkatzeko borrokatuko da. 

Lasarte-Oriako Udaleko Kirol zinegotzi Goizalde Pildain Narvartek gogorarazi duenez, Udala lanean ari da kirol eredu ekitatiboa, inklusiboa eta pertsona guztiei irekia eraikitzeko, diziplina minoritarioak eta modalitate egokituak ere bultzatuz. Hori dela eta, zinegotziak nabarmendu du garrantzitsua dela herrian lehiaketa eta inklusioa uztartzen dituen kirol hitzordu bat izatea. “Kirol egokituak oso ondo islatzen ditu Udaletik bultzatu nahi ditugun balioak: aukera berdintasuna, parte-hartzea eta bizikidetza. Guretzat oso garrantzitsua da Lasarte-Oria kirola pertsona guztientzat irisgarria izango den gunea ere izatea”, adierazi du.

Jarduera euskal pilota egokituaren praktika ikusarazi eta sustatzea helburu duen zirkuituaren parte da, desgaitasuna duten kirolarientzako gune lehiakorra eta elkarbizitzakoa eskainiz. Gainera, jardunaldiari esker, kirol modalitate hori jendearengana hurbildu ahal izango da, eta parte hartzaileen ahalegina, hobekuntza eta talentua balioan jarri. Kirol egokituari eta euskal pilotaren sustapenari lotutako hainbat erakunderen laguntza du probak, besteak beste, Gipuzkoa Kirolak, EITB, Kirolur, Laboral Kutxa eta Lasarte-Oriako Udalarena.

Udalak herritarrak animatu nahi ditu kirol jardunaldi honetaz gozatzera eta kirola, inklusioa eta balio sozialak uztartzen dituen txapelketan parte hartuko duten pilotariak babestera.