Buruntzaldea IKTKo gazteek, arratsalde ederra Tolosan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 18a

Tolosako hitzorduan parte hartu zuten benjaminak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko alebin eta benjaminek euren mailako hitzordua lehiatu zuten hilaren 7an Tolosako Usabal kiroldegiko igerilekuan. Prestakuntzak fruitu ematen duela erakutsiz, guztiak ederki jardun ziren eta alebinek, gainera, euren markak ondu zituzten

Benjamin jaialdiko laugarren jardunaldiak eman zion hasiera arratsaldeari. Buruntzaldea IKTko hemeretzi gaztetxok egin zuten jauzi uretara eta hainbat probari egin zieten aurre.

Beroketa modura, talde eta adin ezberdinetako igerilariak nahasten dituen 25 metroko bular hanken proba egin zuten.  "Oso baliagarria izan zitzaigun estilo horren ostikadaren eraginkortasuna eta efizientzia baloratu ahal izateko", jakinarazi dute taldeko prestatzaileek.

Ostean 25 m. eta 50 m. tximeleta probak jokatu ziren eta "estilo hau lantzen denbora gutxi" daramaten arren, ederki moldatu ziren igeriketa taldeko kideak.

Horrez gain, Oier Perezek 400 m. libre proban parte hartu zuen. Proba luze eta "zorrotzean" bakarrik aritu zen arren, "saioa ikusgarria" egin zuela nabarmendu dute prestatzaileek.

Eta txikien txanda amaitzeko, 4x50 m. bular errelebo mistoa izan zen.

Jarraian, alebinek hartu zuten igerilekua eta estilo libreko zein bular eta tximeleta modalitateko probak egin zituzten gazteek. Buruntzaldea IKTko Nora Becerrak 100 m. libre eta 50 m. bular saioetan izan zen lehian eta bietan ondo zituen bere markak; Talde kide Urko Azpizuk ere 50 m. bular proban bere marka hobetu zuen.

Bai benjamin bai alebin mailako igerlarien hobekuntza nabarmena izan dela azpimarratu dute taldeko entrenatzaileek eta hurrengo hitzorduakprestatzeko lanean jarraituko dutela jakitera eman dute. Alebinek hilaren 28an izango dute 6. jardunaldia eta txiekenek, aldiz, apirilaren 25ean.