Ostadar SKTko Euskal Ligako I. Mailako taldeak partida zailari egin zion aurre ligako azken jardunaldia. Sailpeneko bigarren sailkatu Sestao izan zuen aurrez aurre. Bi taldeek ederki borrokatutako partida bizkaitarren aldeko izan zen (3-2) baina urdin-beltzek errenta handia zutenez, kategoriako garaikurra eskuratu dute.
Bizkaiara bidaiatu zen Ostadarreko taldea, Sestaoren etxean lehiatu behar zuen ligako azken hitzordua. Eta espero moduan intentsitate handiko lehia izan zen. Ostadar lehen eta hirugarren setean markagailuan aurreratu arren, etxekoek ederki berdindu zuten; 22-25, 25-19, 20-25 eta 25-18 izan ziren emaitzak. "Kosta egin zitzaigun lehen lerroko defentsa kokatzea eta sakeetara ere ez ginen ongi egokitu, eta Sestaok, zalantzarik gabe ekipo handia duen taldeak, gu gainditzeko baliatu zituen akatsak," onartu du Asiera Acuriola taldeko entrenatzaileak.
Azken berdinketa hausteko zatia tentsio handikoa izan zela adierazi du urdin-beltzen prestatzaileak. "Erabaki partzialak hartu behar izan ziren. Irabazi nahi genuen partida zen, baina azkenean garaipena Sestaoren etxean geratu zen".
Neurketa amaitzean jaso zuen Lasarte-Oriako taldeak Euskal Ligako garaikurra eta Asier Acuriola entrenatzailearen hitzetan pozarren eta harrituta daude lortutakoarengatik: "Egia da mailaz igotzea lortu genuenean, entrenamenduen plangintzan hobekuntzak egitea pentsatu genuela; bigarren entrenatzaile bat eta prestatzaile fisiko bat sartuz. Liga honetan borrokatzeko hobeto prestatuta egon gintezen eta hasieran geure burua mantentzeko helburuarekin, baina lehiatzea baztertu gabe, eta, egia esan, horrela izan da. Taldea sendotuz joan da jarudnaldiz jardunaldi eta aurkari guztiak gainditzeko maila genuela erakutsi du".
Horren erakusle galdutako neurketen kopurua izan da Ostadarreko entrenatzaileak azaldu modura: "Bi partida galdu ditugu bakarrik eta talde guztiak gainditu ditugu bi itzuliak kontuan hartuta. Ondorioz, bigarren sailkatuari bost puntuko aldea atera diogu, bi garaipeneko alderekin".
Igoera jokoan
Txapelketa garaituta erronka berria izango du Acuriolaren taldeak, Espainiako Lehen Maila Nazionalerako igoera. Oraindik lekua zehazteke badago ere, Ostadarreko entrenatzaileak jakitera eman du maiatzaren 20-24ean izango dela lehia. "Bertara behar bezala prestatuta iristea espero dugu", adierazi du prestatzaileak.
2. kategoriako taldeak ere pauso garrantzitsua eman zuen hilaren 14an. Liga erregularreko azken saioan etxekoak nagusi izan ziren eta Navarvoley 3-0 (25-12, 25-21 eta 25-19). Ikus galeria.
Era honetara, lehen taldearen antzera, bi neurketa bakarrik galdu dituzte urdin-beltzek eta 46 punturekin bere multzoko lehen postuan amaitu dute fasea.
Horri esker, apirilean lehiatuko den igoera faserako txartela eskuratu du Ostadarrek. Finalerdian, apirilaren 18an, Haroko (Errioxa) HRV Embalajes Novalgos izango du aurkari Maialen Chourraut kiroldegian eta hilaren 25ean jakingo da zein den mailako garaile eta kategoriaz igotzen diren taldeak.